«Nire ametsetako bat da Egian musika eskola bat irekitzea»
Unai Pelayo ‘Pelax’ nerabe zela hasi zen musikan. 12 urterekin hartu zuen lehen aldiz bere osabak oparitutako gitarra, eta geroztik ez du utzi.
Zergatik aukeratu duzu Kata?
Nire bizitzan beti izan da topagune bat. Kuadrilla osoa tabernaren goiko solairuan egoten ginen sartuta. Gainera, Karlos eta Marian dira nire lagun min baten gurasoak. Barra atzean edozein dagoela ere, etortzen naizenean oso gustura egoten naiz. Auzoko jendearekin egoteko leku bat da niretzat.
Auzoko giroa asko aldatu dela uste duzu?
Auzoa, Donostia osoa bezala, aldatzen ari da, baina erresistentzia guneak mantentzen dira, taberna hau eta inguruko toki asko, esaterako. Goiko aldea oraindik ez da horrenbeste aldatu. Egia kalean nabaritzen da mugimendu gehiago, eta ikusten da zein negozio mota irekitzen ari diren. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait Koskorrio taberna auzotarrek zabaldu izana berriz. Ea zer gertatzen den Cactusekin. Auzoko lokalik onenetakoa da. Txutik [jabeak] ere badu erretiroa hartzeko gogoa, eta uste dut hor dagoela gakoa, pixkanaka iristen ari delako Egiako goiko aldera gentrifikazio prozesu hori.
Egia sortzailez betetako auzoa da. Auzoko giroak eraginik izan al du zure ibilbidean?
Familiak izan du eragin handiagoa, baina zeharka bada ere, ziur asko bai. Bukowski 1988. urtetik dago zabalik; txikitan osabarekin han pasatako momentuak gogoan ditut. Ni jaio aurretik ere bazegoen gaztetxea, egungo kultur etxea, oso indartsu. Txondorra kultur gunea sortu genuenetik inguruan gabiltzan sortzaileak hor bildu gara, eta luxu bat izan da hainbat diziplinatako egile horiekin lan egitea.
Nola hasi zinen musikan?
Aita eta ama oso musika zaleak dira, disko pila bat dituzte etxean, eta oraindik badute disko bat hasi eta buka entzuteko ohitura. Etxean beti musika asko entzun dugu, osabak talde batean jotzen zuen… Eta 12 urterekin pentsatu nuen:?nik ere talde batean jo nahi dut gitarra. Osabari esan nion, eta gogoratzen dut autoz joan ginela bere Lasarteko lokalera, Mal de Ojorekin entseatzen zuen lokalera. Eta hor zuen gaur egun erabiltzen dudan Fender Telecasterra. Eta geroztik ez dut gitarra askatu ezertarako. Etxean bizilagunak molestatzen hasi nintzen. Oso gaizki jotzen nuen eta probak egiten nituen etengabe. 100 watioko anplifikadore bat utzi zidan osabak, eta bizilagunak asko kexatzen ziren. Nire kuadrillako Iñaki Lujanbiorekin geratzen nintzen jotzeko, eta hortik sortu zen talde bat: Hurtmensake. 14 urte genituen, eta kontzertuak ematen hasi ginen.
Zer entzuten zenuen garai hartan?
Gogoratzen naiz aitak 1998an edo 1999an Blur taldearen diskoa erosi zidala. Sekulako da, eta ziur asko nire bizitzan gehien entzun dudana izan da. Horren urratuta zegoen duela gutxi berriz erosi dudala. 9 edo 10 urteko gazte bati Song II jartzen diozu eta flipatu egiten du. Niri ere hori gertatu zitzaidan. Aurretik ere rock-and-rolla entzuten nuen, baina disko horrek bereziki markatu ninduen. Metallica ere entzuten nuen. Eta jotzeko moduan asko eragin zidan System of a Down taldeak. Euskal musika ere entzuten duen: Berri Txarrak, Leihotikan eta estilo horietakoak.
Gogoratzen duzu zure lehen kontzertua?
Guardetxean eman genuen lehen kontzertua, 16 urterekin. Ahotsa ere orduan hasi nintzen probatzen. Abeslariak taldea utzi zuen, eta ni hasi nintzen kantatzen. Handik gutxira, entsegu baten ondoren, taldekideek esan zidaten frontman bat nahi zutela. Bisualki beste mobida bat nahi zuten. Oso gaizki sentitu nintzen, eta orain harro nago emandako erantzunaz. Ez nuen konpartitzen iritzi hori. Momentu horretan, neure burua defenditu nuen, eta, agian, hala egin izan ez banu, ez nintzen egongo nagoen tokian. Iñaki eta biok beste mota bateko kantak lantzen hasi ginen, eta handik gutxira The Hostile sortu genuen. Talde honekin egin genituen kontzertu asko eta asko. Garai horretan asko koinziditzen nuen Blakarekin, Madeleinekoekin, eta Beñat Antxustegirekin, besteak beste.
Zergatik hartu duzu Pelax izena?
Txikitatik deitu didate horrela, nire ezizena da, abizenarengatik edo. Futbol taldean jarri zidaten.
Hasieratik argi zenuen taldean jo nahi zenuela. Zergatik?
Rock-and-rolla dibertigarriagoa da lagunekin eta jendearekin jotzen duzunean. Interakzioa behar duzu jendearekin, elkar motibatzea. Bakarka ere izugarri gozatzen dut, baina disko bat egiteko prozesuaz asko gozatzen da taldean.
Pelax taldea zein momentutan dago?
Diskoak [Talkak egiten du didaktika, 2017] jada bere bidea egin du. Urtebete eman dugu jotzen, eta hor bukatu da. Orain oso momentu polit batean gaude. Talde gisa dinamika bat izaten saiatzen ari gara. Lokalera joan, elkarrekin egon, jo, eta aio, inolako pretentsiorik gabe. Ziur asko hemendik disko bat aterako da, baina orain hartu nahi duguna da denbora elkarrekin jotzeko. Andoni, Iñigo, Iker eta laurok gaude bakarrik gaude lokalean, horrek dakarren kostu ekonomikoarekin, eta hori izan da apustua:?toki eroso bat izatea guretzat.
Momentu horretan gaude. Ez dago kontzertu edo disko bat prestatu prestatu beharra. Momentuz ez. Bota gara amildegira laurok elkarrekin eta ea zer gertatzen den. Helburua orain da berreskuratzea musikak duen alde ludiko hori, jotzea eta gozatzea. Urte hauetan guztietan konturatu gara gehien gustatzen zaiguna dela kantak egitea eta horretarako baldintza batzuk behar ditugu. Kantu onak egin nahi ditugu. Jendeak deitzen bagaitu joko dugu. Zuzenekoak asko gustatzen zaigu, baina sukaldeko lan hori da maite duguna.
Musikaria ez ezik, musika irakaslea ere bazara.
Bai, musika irakaslea naiz, eta gitarra eskolak ematen ditut. Aurten Tolosako Isidro Larrañaga musika eskolan hasi naiz. Esperientzia berria izan da niretzat. Irakasle gisa kontratu bat dudan lehen aldia da. Egian ere eskolak ematen ditut, eta saiatu naiz hauek mantentzen. Musika transmititzeko ardura hori daukat, eta pribilegiatu bat naizela sentitzen dut. Oso gustura nabil lanean. Pedagogia ikasketak egin nituen, eta argi nuen aukerak ez zitzaizkidala etorriko, eta nire bidea egin behar nuela.
Beti izan dut harreman estua auzoko nerabe eta haurrekin. Antxeta Ttan Ttakun aisialdi elkartean hezitzaile izan naiz hainbat urtez. Han konturatu naiz zeinen garrantzitsua den pertsona hauengandik gertu egotea. Gazteekin eta nerabeekin bazaude, nolabait, zure bizitza desazeleratzen da, ez zoaz zahartzen horren azkar. Eta beti saiatzen naiz ikasten haiengandik. Bai Egian eta bai Tolosan oso ondo pasatzen dut.
Gitarra irakasteaz gain, hitz egiten dugu musika eszenaz, irrati formulez, mainstream-etik harago dagoen mundu interesgarriaz… Zoragarria da, oso pozik nago. Nire ametsetako bat da Egian musika eskola bat irekitzea. Etxetik atera, lanera oinez etorri, autoaz ahaztu. Izugarria izango litzateke.
Transmisioaren garrantzia azpimarratzen duzu, zergatik?
Nire aldarrietako bat da: bilatu, ez da posible horren gutxi jakitea euskal musikaz. Ezin gara konformatu Eitbk eta irrati formulek jartzen digutenarekin. Nahikoa da. Berdin zait euskal musika izatea edo Australiako taldetzar bat. Donostian ezin da izan Alex Ubago erreferentzia bakarrenetako bat, edo la Oreja de Van Gogh. Zer gertatzen ari da?
Oso konformistak bihurtu gara musikarekin, eta horrek zerikusia du baita ere musika entzuteko dugun moduarekin. Horrek ekarri du irrati formulatan ibiltzen diren ekoizleek botatzea edozein gauza, beti lagunduta irudi ederrekin, eta azkenean musika entzuten ari gara begiekin. Ezin dugu konformatu eskaintzen digutenarekin. Ezagutu behar dugu ingurukoek zer egiten duten. Astean behin hartuko bagenu 40 minutuko tarte bat soilik musika entzuteko flipatuko genuke. Terapia bat da.
HAMABIETAN BERMUTA. Salda.
Non. Kata taberna. Karmengo Andre Maria, 32 (Egia).
Prezioa. 1,20 euro.
HAMABIETAN BERMUTA. Salda.
Non. Kata taberna. Karmengo Andre Maria, 32 (Egia).
Prezioa. 1,20 euro.



