Miarritzen egingo duten G7-ari erantzuna emateko bilera egingo dute
Abuztuaren 25, 26 eta 27an egingo dute G7 goi gailurra Miarritzen, eta azaro amaieran aurkeztu zuten Euskal Herri osoko 34 eragile politiko, sozial, eta sindikalek osatutako plataforma bateratua, G7aren presentzia errefusatu eta justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri izango dituen mundu bat aldarrikatzeko. G7-ak mendebaldeko zazpi potentzia ekonomiko elkartzen ditu: AEBak, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanada.
Donostian ere goi gailurrari aurre egiteko antolatzen hasi dira eragile batzuk, eta G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen lelopean, sortze bidean dagoen Donostiako plataformaren bilera irekia egingo dute datorren astelehenean, hilak 17. Bilera Kijera gaztetxean izango da 19:00etan.
Jakinarazi dutenez, oraingoz honakoak dira plataformarekiko atxikimendua adierazi duten eragileak: Antikapitalistak, Ekologistak Martxan, Komite Internazionalistak, ELEAK-Libre, LAB sindikatua, Bake ekintza antimilitarista, Ongi Etorri errefuxiatuak, Erletxe, Bidasoako Stop Deshaucios, Donostiako Sortu, PCE-EPK, Gazte Komunistak, CGT-LKI, Siriaren alde, Tadamun taldea eta ESK sindikatua. Plataformaren bultzatzaileek bilera irekia dela gogorarazi dute, eta orain harte hainbat eragilek bultzatu badute ere, norbanakoak parte hartzera gonbidatu dituzte, denen indarra bateratzea “beharrezkoa” delako.