Pentsiodunek borrokan jarraitzen dute
Hilabeteak daramatzate pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten, eta hilabete hasieran Gasteizen bildu ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen plataforma eta mugimenduetako kideak, gaurko mobilizazioen aldarrikapen bateratuak erabakitzeko. Horien artean, Europako Gutun Sozialaren babesa jasotzen duen 1080 eurotako gutxieneko pentsioaren eskaera dago. Gainera, salatu dute EAEn emakumeen pentsioak %41 apalagoak direla gizonezkoenak baino, eta genero arrakalarekin apurtzeko beharra adierazi dute. Pentsioen auzia “transbertsala” dela salatu dute, eta enplegu prekarioaren aurkako aldarrikapena ere egin dute. Era berean, pentsio sistema publikoa ziurtatze aldera, dagokien ardurak betetzeko eskatuko diete erakundeei eta eskumena duten politikariei, eta gizarteari aktibatzeko deia egin eta konpromisoa eskatu diote. Orain arteko mobilizazioei esker, aurrerapausoak egin dituztela onartu dute, baina gaineratu dute “bide luze bat” gelditzen dela oraindik helburuak lortzeko. Borondate politikoaren beharra nabarmendu dute, izan ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ordaintzeko dirua badagoela baieztatu dute, baina borondate kontua dela kritikatu dute.Jendetza bildu da Donostian, beste behin pentsio duinak aldarrikatzeko. Besteak beste, denentzat 1.080 euroko gutxiengo pentsioa eskatzen dute #PentsioDuinak #donostia @irutxulo pic.twitter.com/AFaJxch2MV
— Irati Salsamendi (@IratiSalsamendi) December 15, 2018