Bandera igoera eta jaitsiera ikusteko zozketaren izen ematea zabalik da
San Sebastian egunean Konstituzio plazako udal eraikinaren lehen solairuko balkoiak irekiko dituzte 50 donostiarrek banderaren igoera eta jaitsiera bertatik ikusi ahal izateko. 25 izango dira egun bakoitzeko, eta horietako bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du.
Pertsona horiek nortzuk izango diren zozketa publiko baten bidez erabakiko da, eta interesa duten donostiarrek izena eman ahalko dute Udalinfoko bulegoetan, 010 telefono zenbakian, eta udalaren webgunean, gaurtik aurrera eta urtarrilaren 4ra arte. Zozketa urtarrilaren 8an egingo da, 18:00etan Udalbatza aretoan.
Zozketan parte hartzeko baldintzak dira adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea. Bakoitzak 16 urte baino gehiagoko lagun bat gonbidatu ahal izango du. Era berean, sarituek ezingo dute igoera eta jaitsieraren artean aukeratu; zozketan ateratzen diren lehen 25 pertsonek banderaren igoera ikusiko dute, eta gainerakoek banderaren jaitsiera. Sarituek urtarrilaren 14an jasoko dituzte gonbidapenak, eta horretarako, NAN-a aurkeztu beharko dute.
Haur danborrada
Haur danborradan, aldiz, 18 donostiarrek urtarrilaren 20ko haur danborrada udaletxeko balkoitik ikusi ahal izango dute. Kasu honetan, bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du, edozein adinetakoa. Era berean, baldintzak adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea dira eta zozketan parte hartzeko izena emateko epea abenduaren 18tik urtarrilaren 5 arte izango da. Zozketa urtarrilaren 8an egingo da Udalbatza aretoan.

