
Donostiako Feministek elkarretaratzera deitu dute bihar “Huelvako emakume* langile eta migratzaileei elkartasuna” adierazteko. Protesta Bulbarrean izango da, 19:00etan, eta antolatzaileek “patriarkatu eta kapitala aliantza koloniala” direla salatuko dute.
Espainia da Europako marrubi ekoizle nagusia, eta gehienak Huelva probintzian landatzen dira. Marrubiaren sasoia otsailetik ekainera hedatzen da, eta han lana egiteko langile marokoar ugari kontratatzen dituzte urtero. Datuen arabera, 2001 urtean 200 inguru ziren, eta aurten 16.000 langilera igo da zifra. Horietatik asko emakumeak dira.
Duela hilabete batzuk, maiatza amaieran hain zuzen, marrubi plantazioetan lanean ari ziren hainbat emakumek nekazaritza-ustiategietako arduradunen aldetik jasandako jazarpen laborala eta jazarpen sexuala salatu zituzten. Era berean, bortxaketak eta bortxaketa salaketak ere salatu zituzten.
Pasa den astean hainbat hedabidek jakinarazi zutenez,
kasua daraman auzitegiak lau sasoiko emakume langilek enpresari baten aurka jarritako salaketen inguruko ikerketa artxibatu du. Hori dela eta, estatuko hainbat hiri eta herritan auzitegiaren erabakia gaitzesteko mobilizazioak egingo dituzte, besteak beste, Donostian. Gainera, arrazoi berdinengatik Moguer-eko sasoiko emakume langile talde batek jarritako salaketen harira, irekita dago beste kasu bat.