Ia 3.000 korrikalari daude izena emanda San Silvestre lasterketan
34. San Silvestre lasterketa egingo dute abenduaren 31n. Antolatzaileen arabera laster gaindituko dute 3.000 parte hartzaileen langa, eta ohartarazi dute gehienez 4.500 lasterkari onartuko direla. Azken urteetan bezala, izena eman daiteke lasterketaren webgunean. Dortsalak Amara kaleko frontoian jasoko dira abenduaren 29an eta 30ean, 11:00etatik 19:30era. Abenduaren 18a arte 12 euro ordaindu beharko dira, eta abenduaren 29tik 30era 17 euro. Lasterketaren egunean ezingo da izena eman.
8 kilometroko kirol proba 16:00etan hasiko da, Easo plazan. Lehen emakumezkoak eta lehen gizonezkoak Irutxuloko Hitzaren txapela jantziko dute. Azken urteetan bezala, mozorro onenaren saria emango dute.
Bezperan, abenduaren 30ean, San Silvestre txikia egingo dute 6 eta 15 urte bitarteko haurrentzat. Irteera eta helmuga Easo plazan izango dira.