«Egian biziko ez banintz ez dakit Donostian biziko nintzen»
Idazlea, militante feminista eta kazetaria da Kattalin Miner. Zazpi urte dira Donostiara bizitzera etorri zenetik. Bere lekua aurkitu du Egia auzoan eta gustura bizi da hirian, lasaitasuna eman dio.
Zergatik aukeratu duzu La Bodeguilla taberna?
Aspalditik ezagutzen dut. Aurreko jabea, Maite, ezaguna nuen. Pena handia eman zidan hark uztea, baina argi zegoen ez ziola edonorri utziko negozioa. Jabe berriek euren ukitua eman diote, baina giroa oso etxekoa da, eta auzoko jendeak hemen jarraitzen du. Giro ona egoten da, eta oso ondo tratatzen gaituzte. Komertziotan ez zait asko inporta, baina tabernatan izenez agurtzea inportantea iruditzen zait [barrez].
Bestalde, udarekin asko lotzen dudan taberna bat da. Ni Egian bizi naiz, eta udan gehiago ateratzen gara auzotik. Gainera, erretzailea naiz eta terraza eder bat dauka. Hondartzatik bueltan edo piraguan ibili ondoren zerbeza bat edateko leku on bat da.
Feministaldiaren antolakuntzan ibili zara laugarren urtez. Nola bizi duzu jaialdia?
Intentsitate handiz bizi dugu. Talde oso polita osatzen dugu Leirek, Josebek eta hirurok. Lana baino gehiago da jaialdi bat bizkar gainean eramatearen zama. Era berean, oso atsegina da, eta jendeak asko zaintzen gaitu. Badakite aurrekontu gutxirekin egiten dela, eta soilik hiru pertsona gabiltzala antolatzen.
Iratxe Retolazak parte hartu zuen, eta esan zuen soilik 30 emakumek argitaratu dutela nobela bat euskaraz?
Iratxek beti ematen ditu datu oso argigarriak, eta badago beste datu bat: bigarren nobela argitaratzera iritsi diren emakumeak bost ziren duela urte batzuk. Azken urteetan igo da, baina hamarrera ez dira iristen. Orduan, ez da soilik ze emakume idazle gutxi dauden, baizik eta ze emakume gutxik irauten duten. Liburu bat argitaratzera ausartzen dira, baina idazle ibilbidea ez dute egiten. Niri iruditzen zait datu objektiboek desmuntatzen dituztela uste pila bat: ‘Orain emakumeen garaia da, orain emakumeak indartsu ari dira’… Uste dut Durangoko Azokan esan zuela argitaratzen denaren laurdena egiten dutela emakumeek. Horrelako datuek ematen dute maparen errealitate bat, mapa tamalgarri bat, baina behintzat zurrumurruak kentzen dituzte.
Zer sentitzen duzu gutxi horietako bat zarela pentsatzen duzunean?
Asko kostatu izan zait –eta uste dut ez dela kasualitatea– idazle etiketarekin identifikatzea neure burua. Uste dut ziur asko gizonezkoek nahiko lasaiago egingo dutela asoziazio hori edozer gauzarekin. Zerbait egin, eta etiketa jarri. Gu ibiltzen gara beti inpostore sentsazio horrekin: ‘Bueno, ez, liburu idatzi dut, idazlea ez’. Definizio ofizialaren arabera ergo idazle izan beharko nuke. Iratxek esaten duena da asko dibertsifikatzen omen dugula. Ni orain adibidez elkarrizketa liburu bat idazten ari naiz. Eta fikzioari lotutako hurrengo liburua izango da ipuin sorta bat ziur asko. Eta zergatik dibertsifikazio hau eta ez espezializazioa? Hor egon daitezke irakurketa asko. Horrelako panorama ikusi eta gero eta harroago eutsiko diot idazle izate horri eta mantenduko dut. Liburu hura idatzi zuen neska gazte hura hor geratzeak kezkatzen nau.
Bertsozalea ere bazara.
Oso bertsozalea izan naiz betidanik, eta pena handia ematen dit utzi izana asko maite dudan diziplina baita. Bertso eskolan ibiltzen nintzen txikitan eta azkenean 13 urterekin bakarrik geratu nintzen klasean. Orain borroka bat daukat Beñat Gaztelumendirekin. Galdetzen dit ea noiz joango naizen helduen bertso eskolara.
Zu nolatan hasi zinen idazten?
Gaztetatik idatzi dut, baina nobela bat idazten jakinda ez da inor jaiotzen. Orduan, asko egin dudana da irakurri. Beti izan naiz gehiago irakurtzekoa idaztekoa baino. Eta gero, banuen intuizio bat, gauza batzuk kontatzeko gaitasuna nuela ikusten nuen. Blog bat izan nuen urte askoan. Eta banuen ideia bat, eta egia esateko, beti jakin dut liburu bat idatziko nuela. Ez nekien noiz, nola edo zeri buruz idatziko nuen, baina konbentzituta negoen. Igartza Saria lortu nuen eta atera zen Nola heldu naiz ni honaino nobela.
Niri nahiko erraza egiten zait idaztea. Gero beste gauza bat da oso ona den, ez den… Egia da oso txarra naizela zuzenketekin eta perfekzionismoarekin. Pentsatuko dut nola egingo dudan, baino egingo nuke zerbait, bere horretan eta lehen kolpean ateratzen den hori inprimatu. Gero gezurra da, nahi dudalako gauzak ondo atera, baina hasten naizenean gauzei bueltak ematen errenditzeko gogoa sartzen zait berehala, aspertu egiten naiz. Gustatzen zait bota eta ondo geratzen den hori.
Orain Hernaniko Aimar Elosegi gazte transexualaren inguruko liburua idazten ari zara.
Duela ia bi urte hamarkada bat pasa zen nire lagun Haimar Elosegik bere buruaz beste egin zuenetik. Gaizkiegon bat sartu zitzaidan nahiko itzalita nuen gai honekin. Eta nolabait ardura edo zor bat sentitu dut. Gai hau duela 10 urte baino hobeto dago, baina duda asko nituen: transmisiorik egon al da? Eta hasi nintzen eguneroko moduko bat idazten. Forma berezia hartu du liburuak. Nire ahotsa sartu dut testuingurua emateko, eta irakurleari laguntzen diot memoria horiengan bidaia bat egiten.
Atal bat Aimarren anaiarekin egin dut; beste bat, bere lagunekin. Garai hartan Medeak-eko kide ziren batzuekin ere hitz egin dut. Maialen Lujanbio bertsolaria ere agertzen da liburuan. Garai hartan bertso batzuk egin zizkion Aimarri, eta kasualitatez, hamar urte geroago Irunen transgeneroaren inguruan egin zituen bertso ezagun horiek. Eta azken atala egin dut Hernaniko bi transekin. Helburua da liburua udaberrirako egitea. Aimarren heriotzaren urtemuga apirilaren bukaeran da, eta gustatuko litzaiguke egun horretarako prest egotea, balio dezan urtemugari eusteko.
Noiz hasi zinen feminismoan militatzen?
15 urterekin hasi nintzen. Beti kontatzen dut nahiko modu “artifizial” batean izan zela. Orain nire milotantzia kide eta lagun diren gazte batzuek proiektu bat egin zuten neska gazteekin: ahalduntze eta feministatze proiektu bat. penstatu behar dugu 2000. urtearen hasiera zela, eta feminismoak ez zuela orain duen harrera, masa eta ospea. Gu izan ginen belaunaldi aldaketa bat nahiko bakarrik egon ginenak. Nik kontatu ditzaket nire kintako talde edo herritako neskak esku batez. Oso gutxi ginen 20 urte bitartean militatzen ari ginenak. Gehienak ziren 30etik gorakoak. Aldi berean, horrek zer du ona? Asko zaindu gaituen belaunaldi bat izan dugu. Asko miresten nituen. Nik baino 20 eta 30 urte gehiago zituen andreekin poteatzen nuen. Beraiekin ikasi nuen ardoa edaten. Badira feminismoaren momentu zailetan hor egon diren batzuk. Sinistu dutenak eta borrokatu dutenak asko, eta momentu gozoenak ez dituztenak bizi. Niretzat erreferenteak dira horiek. Nik ere iritsi nahi dut 60 urtera militatzen eta poteatzen.
Eta gazteek zein erreferente dituzte?
Nik gazteekin lan egiten dut, eta ikusten ditut hainbat gauza. Erreferente asko dituzte. Feminismoaren satanizazioa ez da horrenbeste,itxuraz. Baina bere erreferente normalak militantziakoak eta kalekoak dira. Ez dizute Alba Flores esango. Ikusten dut baita ere lehenago politizatzen direla eta kontzientzia handiagoa dutela desberdinkerien aurrean: beldurrarena, gauarena, bortxaketena… Hori badute eta eztabaidaezina da. La Manadaren sentetzia ikusita beraiek ez dute dudarik, injustizia bat izan da. Gauzak argiago dituztela uste dut. Beldurra ematen didan gauza bakarra da antolatzeko gaitasuna garatuko duten ala ez. Jendarte kapitalistak fagozitatzen du dena, eta beldur naiz izan ote daitezkeen soilik feministak sare sozialetan edo kamisetak jantzita. Ea lortuko den militante feministen belaunaldi bat.
Feminista gisa, zerk amorratzen zaitu?
Niri gertatzen zait oso gauza kuriosoa. Ezagutzen nauten gizonek disimulatzen dute asko nirekin, eta uste dute ez naizela konturatzen. Nik badakit gizon progre ezkertiarrei inkomodatzen diela nire presentziak. Uste dute epaile lana egingo dudala, eta neurtuko dudala euren maskulinitate edo gizon feminista maila. Eta ez zait batere inporta, ni erasotzen ez nauten edo izorratzen ez nauten bitartean. Nabaritzen dut tentsioa sortzen dela. Ona iruditzen zait zentzu batean. Baina ez da nire papera inondik inora, eta ez dezatela pentsa etxera joango naizela eta nota jarriko diedala. Nabaritzen dut ondo erori nahi izateko presio bat.
Mutil ezkertiar askok feministon aurrean hartzen dute jarrera bat. Kaballerosoak dira baina paternalismoan erori gabe. Normalean nahiago ditut disimulatu gabe jatorrak diren mutilak. Nahiago dut zintzoa den norbait bere akats guztiekin antzerkia egiten duen norbait baino.
Hernanikoa zara, baina denbora asko daramazu Donostian bizitzen. Zer moduz?
Hasi nintzen bizitza egiten Donostian, eta azkenean hona etorri nintzen. Egia esan, oso donostiartua nago. Edo donostiartua baino gehiago, egiatartua. Donostia da hiri bat lasaitasun handia eman didana. Joan naiz ezagutzen pixkanaka nire modura. Oraindik gauza asko ditut deskubritzeko, baina plazer handia ematen dit. Asko paseatzen dut, eta bada leku aproposa horretarako. Badakit jende askok pentsatuko duela egun osoa tabernan pasatzen dudala, baina igeri egitera joaten naiz, eta landareak zaintzen eta kozinatzen denbora asko pasatzen dudan pertsona bat naiz. Donostiak gainera hiri puntua dauka, eta kanpoko jendearekin topo egiteko elkargune bat da, baina aldi berean ez da inpertsonala. Bagara herri txiki bat, eta batez ere Egiarekin izan dut harreman handia. Ez da kasualitatea Egiara joan izana. Egian biziko ez banintz ez dakit Donostian biziko nintzen; auzoa oso garrantzitsua izan da Donostian geratzeko motiboetan.
HAMABIETAN BERMUTA. Urdaiazpiko ogitarteko txikia eta bermuta.
Non. La bodeguilla taberna. Easo plaza, 3 (Amara).
Prezioa. 4 euro.
HAMABIETAN BERMUTA. Urdaiazpiko ogitarteko txikia eta bermuta.
Non. La bodeguilla taberna. Easo plaza, 3 (Amara).
Prezioa. 4 euro.



