Patinete elektrikoen behin-behineko araudia onartu du udalak
Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak patinete elektrikoen erabileraren behin-behineko araudia onartu du. Bidegorritik ibili ahal izango dira motordun erabilera pertsonaleko ibilgailuak (hoverboard, segway, patinete elektriko eta antzekoak). Aldiz, debekatuta izango dute ibiltzea espaloietan, parkeetan, oinezkoentzako guneetan eta Parte Zaharrean.
Urte hasieran sartuko da indarrean behin-behineko araudia, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez. Behin betiko araudia onartu bitartean, indarrean izango dena da. Udalak ordenantza berri bat idatzi eta onartzeko asmoa du. Era berean, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute mugikortasun ibilgailu berrien erabilera egokia azaltzeko.
Udalaren araudiak bi multzotan bereizi ditu ibilgailuak –Norbanako Mugikortasun Ibilgailuak (NMI, motor elektrikodunak) eta Norbanako Mugikortasun Gailuak (NMG, motorrik gabekoak)–, eta hiru kategoriatan sailkatu ditu, tamaina eta mekanikaren arabera. Aldi berean, erabilera baldintza batzuk ezarri dizkio bakoitzari:
- 0 taldea: 70 zentimetro baino gutxiago zabal eta 1,20 metro baino gutxiago luze. Zenbat lagun, gehienez: Pertsona 1 (motorrik gabeko patinetea eta monopatina)
- 1. taldea: 25 kilo baino gutxiago, 70 zentimetro baino gutxiago zabal, 1,20 metro baino gutxiago luze. Gehienez, 25 km/orduko abiadura. Pertsona 1 baino gehiago ez dago ibiltzerik gainean. Gutxieneko adina: 16 urte. Argia atzean eta aurrean. Frenatzeko sistema (patinete elektrikoak, hoverboard-ak eta antzeko beste motordun ibilgailuak)
- 2. taldea: Segway-ak eta eserlekua duten beste ibilgailu elektriko batzuk. Pisua eta neurria, aurreko kategoriatakoek baino handiagoa. Gutxieneko adina: 18 urte. Derrigorrezkoa da kasko homologatua jantzita ibiltzea. Frenatzeko sistema. Argia atzean eta aurrean. Jantzi islatzaileren batekin ibiltzea gauean edo gutxi ikusten denean.
Erabilera
Esan bezala, motordun ibilgailuek ezin izango dute ibili espaloietan, parkeetan, oinezkoentzako guneetan eta Parte Zaharrean. Ordea, motorrik ez duten ibilgailuekin ibili ahal izango da aipaturiko guneetan. Baita ere, hamabi urte edo gutxiagokoek.
Bizikleta bideetan eta bidegorrietan libre izango da 0 taldeko gailuetan eta 1.go taldeko ibilgailuetan ibiltzea, baita motorra duten gailuekin ere.
0 taldeko patineteetan ez dago galtzadan ibiltzerik inolaz ere. 1.go taldeko patinete elektrikoan galtzadan joateko, berriz, eskuineko erretik joan behar da. Libre da eskuineko erreiaren erditik joatea.
2. motako Norbanako Mugikortasun Ibilgailuek galtzadatik beste inondik ez daukate ibiltzerik, salbu eta berariaz debekatuta daukaten kaleetan (Loiolako Erriberako pasealekua, Bizkaia pasealekua, Federico Garcia Lorca pasealekua, Karlos I.aren hiribidea, Zumalakarregi eta Tolosa hiribidea). Horietan ez daukate ibiltzerik. Era beran, ez daukate 30 km/h baino gehiagoan ibiltzerik eta ezta garraio publikoak eta autobusak ibiltzeko erreietan ibiltzerik ere. Bestalde, alokatzeko erabiltzen diren 2. motako ibilgailuek errotuluren bat izan behar dute alokatzeko erabiltzen diren ibilgailuak direla ikusteko.
Aparkatzea
0 taldeko patineteak eta monopatinak, eta patinete elektrikoak, ez dago espaloian edo bizikletak uzteko barrei lotuta uzterik. Horrelakoak uzteko berariaz adierazitako tokietan eta barretan bestetan ez dago uzterik. 2. taldeko Norbanako Mugikortasun Ibilgailuak ziklomotorren parekoak izango dira aparkatze aldetik, eta, beraz, ez dago espaloietan eta bizikletak uzteko barretan uzterik.
Motoak eta ziklomotorrak uzteko adierazitako tokietan bestetan ez dago uzterik. Horrelako ibilgailuak uzteko gordetako tokirik ez badago, autoak aparkatzeko markatuta dauden zerrendetan utzi behar dira, zirkulazio erreian sartu gabe eta ahalik eta toki gutxien hartuz, betiere. Merkataritzarako TAO den lekuan eta Egoiliarrentzako gunean ez dago uzterik, eta irisgarritasun araudia ere ez dago urratzerik.
Araudi berria onartu bitartean, ezarriko diren isunak trafiko araudi orokorrean jasota daudenak izango dira.