Belartza 2 merkataritza gunea eraikitzea onartu du udalak
Urteko azken Tokiko Gobernu Batzordean saltoki handien inguruko bi erabaki hartu ditu Donostiako Udalak. Batetik, Garbera handitzeko proiektua berretsi eta lizentzia ematea adostu dute. Bestetik, Belartza 2 merkataritza gune handia eraikitzea onartu dute. “Jaiegunetan onartu du hitzarmena, azalera handiko saltokiei etenaldia errespetatzeko konpromisoa hautsiz”, salatu du Belartza 2 Gelditu plataformak.
Udalak ez du akordioaren berri eman, plataforma izan da informazioa hedatu duena. Saltoki gune handiak, Anoetako futbol zelaia baino 24 aldiz azalera handiagoa izango duen eremua hartuko du. Hau da, 200.000 metro karratuko zoru naturalaren gainean eraikiko da. Plataformak udalak emandako arrazoiak plazaratu ditu: “joera komertzial berriak, merkataritzaren dinamizazioa eta azalera handiko saltokien merkatal kuota defendatzea”.
Iruñeko La Morearekin eeta Barakaldoko Megaparkarekin parekatu daiteke proiektua, plataformaren arabera. Duela hilabete batzuk Eusko Legebiltzarrak etenaldi bat eskatu zuen saltoki handi gehiago ez eraikitzeko, legedi berria zehaztu bitartean.