Olatz Salvador, musikaria
Iruditzen zait inflexio puntu nahiko potoloa izan dudala aurten, urte polita. Musikaren munduan pauso handi bat eman dut, eta horrek azkenean neurri batean bizitza pixka bat aldatu dit edo pieza asko mugitu dizkit. Urtarrilean diskoa grabatu nuen bandarekin batera, eta martxoan kaleratu genuen. Hortik aurrera, sorpresa pila bat etorri dira. Ekainean aurkezpena egin genuen; abuztuan piraten Aste Nagusian, gero, Plateruenean… dena oso polita izan da. Artistikoki oso hunkigarria izan da, eta balio izan dit nire bizitzan egon diren pertsona askorekin berriro ere topatzeko. Diskoarekin aitzakiarekin askok idatzi didate, eta urteekin galdutako harremana berreskuratu dugu, eta agian hori izan da politena.
Jon Garaño, zinema zuzendaria
Urte oso polita izan da; trantsizio garaia, Handiatik La tranchera infinita filmera. Urte hasieran oraindik Handia zinemaldiz zinemaldi ibili da, eta tartean Goya sariak egon ziren eta hamar Goya jaso zituen. Gero, ia pentsatu gabe, pelikula berriaren filmaketarekin hasi ginen, eta orain muntaketarekin gabiltza. Oso polita izan da guztia. Arlo pertsonalean ere oso berezia izan da urtea, urte erdia egin dut Ameriketako Estatu Batuetan, eta beste erdia, Euskal Herrian. Hara eta hona ibili naiz; urte hasieran zinemaldietara bidaiatzen ibili nintzen, gero Madrilera, Goyetarako, eta bigarren pelikularen aurre ekoizpenean sartu nintzen. Filmaketa bi zatitan egin dugu, eta ni udarakoen aritu naiz zuzentzen, Joxemari Goenagarekin. Urtearen bigarren zatia normalagoa izan dut.
Nerea Arriola, aktorea
Oso urte ona izan dut; 30 urteak estreinatu ditut eta garrantzitsua izan da niretzat. Proiektu dezentetan parte hartu dut, tartean, Irutxuloko Hitzak eskatu zidan lekualdatze festarako bakarrizketa bat egiteko. Oso berezia izan zen; bakarrizketa arloa gehiago lantzeko balio izan zidan. Eboluzio polita izan dudala uste dut, eta aurreko urtearekin alderatuz, eskaerak asko igo zaizkit. Webserie batean parte hartu dut, ETBk babestutakoa, eta hori ere oso esperientzia polita izan da aktore gisa. Iaz Supertxope pertsonaiak bultzada handia eman zidan, baina aurten uste dut jendearen ahotan gehiago egon naizela. Gogotsu nago urte berriari begira; urte bukaera oso polita izan da eta espero dut urte berria ere horrelakoa izatea.
Oier Lorente, ostalaria
Guretzako urte oso oparoa izan da arrazoi askorengatik. Hiru lagun elkartu ginen ideia berarekin, gure bizitzetan proiektutxo bati ekiteko, eta horrek poz handia eman digu. Gainera, mugimendu batekin bat egin dugu, eta Ikatz kalean gure aportazioa egin dugu Herria tabernarekin. Proiektu desberdin bat landu dugu, izaera berarekin, baina asmo berritzaileekin. Auzoko, inguruko eta militante askoren laguntzarekin lortu dugu zerbitzu desberdin bat eskaintzea eta gure proiektu pertsonala uztartzea mugimendu horrekin. Gogoan dut 2017 bukaeran auzoko militante askorekin obran sartu ginela, asko lagundu ziguten eskulanetan eta ideia berriekin, baina ez genuen hainbesteko harrera ona izatea, oso positiboa izan da, uste baino lan gehiago egin dugu.
Uxue Fraile, mendi lasterkaria
Kirol mailan, ezerezetik nentorren, eta helburua betetzera iritsi ginen, beraz, oso pozik nago. Lesio batetik nentorren, eta errekuperazio fasean sartu nintzen. Lan asko egin behar izan dut, eta beste urte batzuetan egin ez ditudan gauzak egin ditut. Konfiantza nuen nigan, banekielako gai nintzela, baina beldurra nuen aldi berean, ez nuen oso argi zein erronkari aurre egin behar nion. Abuztua oso gogorra izan zen, bakarrik entrenatzera itzuli nintzen, baina Mont Blanc-eko ultra trailean bigarrena geratzeak gainditu egin ninduen. Oihartzun handia izan zuen nire emaitzak, eta ez dut hitzik adierazteko bizi izan dudan guztia. Arlo pertsonalean, Donostiara egokitzen aritu naiz berriro ere, urte asko egin ditudalako kanpoan.
Sara Majarenas, preso ohia
Aurtengoa urte oso berezia izan da niretzako, zalantzarik gabe. Donostiara itzuli naizen urtea izan da, Donostiarekin berriro topatzeko, eta berriro ere ezagutzeko urtea izan da. Lurreratzearen urtea bezala deskribatuko nuke, eta amatasuna behingoz libre bizitzeko aukera eman didan momentua iritsi dela azpimarratuko nuke. Azken finean, sentimendu, bizipen eta emozioz beteriko hilabeteak izan dira. Urte bizia, beste batekin alderatzerik ez dudana; polita, nekeza eta azkarra, dena batera. Gainera, barruan geratu direnenetaz oroituz eta haur motxiladunen zamarekin bat eginez, liburu bat kaleratu dugu, Matritxipi eta amatxo izeneko ipuinarekin, nire ekarpentxoa egiteko asmoz.