Turismoak gora egin du, eta herritarren haserreak ere bai
Hotel, pentsio eta pisu turistikoen ugaritzeak eta Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bilerak turismoaren gaia erdigunean jarri dute aurten ere. Egoerari aurre egiteko, hainbat eragile jaio dira hirian.
Donostiak, aurten ere, errekorrak apurtu ditu turismoari dagokionez. Hain zuzen, udaran zehar hiriak bere «lidergo turistikoa» berriro ere berretsi zuela nabarmendu zuen harro Udal Gobernuak, abuztuak utzitako datuak aztertu ostean. Urtez urteko gorakada horrekin batera, ordea, hirian herritarren bizitzan eragin zuzena duten beste hazkunde batzuk eman dira ere: hala nola, hotel, pentsio eta pisu turistikoena, edo kontsumo prezioen garestitzeena, besteak beste.
Datu bat aipatzeagatik, DataHippo plataformak aurkeztutako informazioen arabera, AirBnb plataformak hirian eskaintzen dituen apartamentu turistikoen kopurua 2.451ra hazi da aurten, udalak erregistratuta soilik 1.227 zeudela aitortu zuen arren. Azken urtetan izugarri indartutako fenomenoari dagokion araudia eguneratzeko asmoz, martxoan udal gobernuak pisu turistikoen ordenantza berria jarri zuen martxan, herritarren eta hainbat alderdiren kritiken artean. Hain zuzen, neurri horrekin Hiri Antolamendurako Plan Orokorra «askeagoa» bihurtu izana egotzi zioten udalari hainbat auzo elkarte eta gizarte arloko kolektibok.
Ordea, hotelen gorakadari dagokionez, udalak aurten ez du neurri bat bera ere hartu, hirian legealdi hasieratik 25 hotel baino gehiago ireki eta proiektatu diren arren. Politikarien immobilismo horri aurre egiteko jaio zen Hotel + Ez plataforma herritarra, turismoari zuzendutako etxebizitzen areagotzeak auzotarrei dakarzkien kalteak salatuz: espazio publikoaren okupazioa, auzoen desitxuratzea, prezioen igoera…
Ondorio larri horiek guztiak biltzen dituen gentrifikazio prozesua seinalatu eta borrokatzeko asmoz jaio zen ere?Bizilagunekin plataforma. Turismoa eta egungo hiri ereduarekin kezkatuta dauden hainbat herritarrek osatzen dute taldea, eta Donostian garatzen ari diren politikak bertakoak albo batera uzten dituela dio euren aldarri nagusiak. Zentzu horretan, hirian turismoa gehiegi sustatu dela eta bertan espekulazioak berebiziko garrantzia hartu duela salatzen dute Bizilagunekineko kideek.
Protestak TMEaren kongresuan
Egoera honen erdian, Turismoaren Mundu Erakundeak maiatzean Donostian bere goi bilera egingo zuela jakinarazi zuen udalak. Albisteak hautsak harrotu zituen, eta herritarrek eta eragile sozialek erantzuna antolatzeari ekin zioten.
Maiatza amaierarako, TMEaren hiru eguneko kongresuarekin bat eginez, 60 kolektibo baina gehiago biltzen zituen Bizitza Da Handiena mugimenduak Borroka Sozialen Astea antolatu zuen, helburu garbi batekin: egungo sistema eta gizarte-eredua aldatzea.
Espainiako Enplegu Ministerioaren Idiakez kaleko zortzi solairuko eraikina okupatuz, hamar eguneko protesta hasi zuten herri mugimenduko kideek, egunero kalera irten eta ekintza aldarrikatzailez beteriko egitaraua jarraituz. Besteak beste, Tabakaleran TMEko ordezkariei egindako harrera ekitaldian protesta egin zuten txistuekin, polizia herritarrei oldartu aurretik, eta manifestazio jendetsu bat egin zuten ere hiriko kaleetan zehar turistifikazioaren aurkako aldarria entzun zedin.
Geroztik, ordea, turismoari dagokien politiketan ez da aldaketarik egon, eta pentsio eta hotelen proiektuak areagotzen jarraitu dute hirian. Azkenekoa, Donostiako Gotzaindegiak Groseko Zabaleta kalean sortu nahi duen aparthotelarena da: udalak obretarako lizentzia eman dio azaroan apezpikutzari, elizaren egoitza horretan 26 apartamentu turistiko eraiki ditzan. Egoera ikusita, ziurra da datorren urtean ere turismoaren gaiak zeresana emango duela.



