(Argazkia: Bitartekariak)
Zortzi egun daramatzate greban Ubik liburutegiko bitartekariek. Ordutik, itxita dago Tabakalerako liburutegia eta ez du zerbitzurik eskaintzen. Langileek lan hitzarmen berri bat nahi dute bizi duten egoera prekarioa gainditzeko.
Hainbat lanuzte egin ostean, hilaren 22an greba mugagabeari hasiera eman zioten bitartekariek. Sedena enpresak azpi-kontrataturiko langileak dira, eta enpresarekin egindako bileretan ez dute irtenbiderik adostu. Horrela, langileek mobilizazioak areagotzea erabaki zuten, ELA sindikatuaren babesarekin. Bitartekarien “helburu bakarra” bizi duten egoera prekarioari bukaera ematea da, eta hori lortzeko “bukaerara arte iristeko prest” daude.
Ubik liburutegiko langileen egoeraren aurrean, negoziazio erreal baterako deia luzatu diete Tabakalerako administrazio kontseiluari eta Sedena enpresari. “Arduraz jokatzeko momentua iritsi dela uste dugu”, adierazi dute. Horrez gain, herritarrei eta Ubik liburutegiaren erabiltzaileei eskatu diete bitartekarien mobilizazioetan aktiboki parte hartzeko. “Behingoz, bai Tabakalerak eta baita enpresak ere egiten duten lana aintzat hartu, eta bitartekarien lan baldintzak hobetzeko eskatzen dugu”.