Mintzalaguna programan izena emateko epea zabalik da
Atzo zabaldu zuten Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea, eta urtarrilaren 24ra arte zabalik izango da. Programa otsaila hasieran hasi eta ekainean amaituko da. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzeko programa da Mintzalaguna eta bi modutara parte hartu daiteke egitasmoan. Alde batetik, euskara praktikatuz (bidelaria) eta bestetik, euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Izen ematea Bagera elkartearen webgunean egin daiteke.
Egitasmoan izena ematen dutenen artean 3 edo 4 laguneko taldeak osatuko dira eta horiek, gutxienez, astean behin ordubetez elkartuko dira. Taldeek, behar eta nahien arabera, lekua erabakitzeko askatasun osoa izaten dute: tabernan, hondartzan, pasealekuan, kiroldegian, eta abar. Gainera, Donostiako euskaldunon sarea handitzeko asmoz, ikasturtean zehar ekintza desberdinak antolatzen dira mintzalagun taldeak elkarren artean ezagutzeko.
Bestalde, uztailean eta abuztuan ere Mintzalagun izateko aukera izango dela jakinarazi du Bagera elkarteak. Izen ematea ekainaren 1etik ekainaren 25era izango da.
Donostiako Bagera elkarteko kideek sortu zuten egitasmoa duela 25 urte, eta ordutik Euskal Herrian barrena hedatu dira mintzalagun, berbalagun, solas-lagun zein mintzakideak. Dozena bat lagun hasi ziren Donostian, eta gaur egun 400 lagunetik gora dira astero hirian euskaraz aritzeko elkartzen direnak.