(Argazkia: Ontzi Museoa)
Jose Mari Zubia Zigaran
Aita Mari arrantzalea Santa Klara uhartetik gertu desagertu zen, 1866ko urtarrilaren 9an. Haren omenezko ekitaldia egin dute portu oroigarrian, Aquariumak eta Ontzi Museoak antolatuta. Aita Mari zumaiarra Donostian aritu zen patroi, eta hainbatetan aritu zen itsasoan larrialdian zebiltzan arrantzaileei laguntzen.
Itsas salbamenduaren garrantzia azpimarratu dute ekitaldian, Ontzi Museoko eta Aquariumeko zuzendariek. Era berean, Itsas Laguntza Humanitaria gobernuz kanpoko erakundeak eta Gurutze Gorriak parte hartu dute ekitaldian.
Pasarte eta bizipen ugari izan zituen Aita Marik.
Donostia, itsas hiria liburuan jaso zuen horietako bat Serapio Mujikak. 1861eko uztaileko gertaera da ondorengoa: “Beste bederatzi marineleko tripulazioa zeraman txalupa batean patroi zela, itsaso bortitz eta ikaragarrian barrena abiatu zen, eta Zurriolako arroken artetik atera zituen, bizirik, olatuek haitzen kontra txikitutako txalupa bateko batzuk”. Bost urte beranduago desagertu zen Aita Mari marinel batzuei laguntzen ari zela.
Bihar, Gurutze Gorriaren instalazioak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute 11:00etan. Aquariumean eman daiteke izena.