Txillida Leku berriro irekiko dute apirilean
Zortzi urtez itxita egon ostean, Txillida Leku museoak etapa berri bati ekingo dio apiriletik aurrera. Izan ere, Eduardo Txillida eskultorearen obra-museoa berriro irekiko da hiru hilabete barru, gunearen eraberritze lanak behin amaituta.
Txillida Leku 2010eko abenduaren 31n itxi zen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak artistaren familiarekin gunearen kudeaketarako egindako negoziazioak bertan behera geratu ondoren. Geroztik, museoa soilik bisita pribatuen bidez ikusi ahal izan da.
Iaz, ordea, Suitzako Hauser & Wirth galeriak bere gain hartu zuen espazioaren kudeaketa, Txillidaren senideekin akordio bat sinatu eta gero. Kudeatzaile berriekin, Txillida Lekuk bere irekierarako prestakuntza prozesua abiatu zuen, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Gauzak horrela, eskultorearen jaiotzaren 95. urteurrenarekin bat eginez, Txillida lekuren lorategiak herritarren eskura jarriko dira berriro denbora gutxi barru.