
Eusko Alderdi Jeltzalearen Donostiako Alkatetzarako hautagai Eneko Goiak, Donostiaren aldeko manifestua eta hauteskunde kanpainako leloa aurkeztu ditu. (Argazkia: EAJ Donostia)
EAJ-ren Donostiako Alkatetzarako hautagai Eneko Goiak, Donostiaren aldeko manifestua eta hauteskunde kanpainako leloa aurkeztu ditu. “Elkarrekin, elkartuta, hiri hobea egiten dugu. Lankidetzan, ezberdintasunak alboratuz, aurrera egiten dugu, eta hiri honek bere onera eman dezake. Horregatik, ‘Batera Bagera Donostia!’ izango da gure goiburua. Ideia horrek ondo laburbiltzen du donostiar guztion lankidetza dela bultzadarik onena hiriak aurrera egin dezan eta erronka berriak aurki ditzan”
“Ardura, kudeaketa ona eta hiriarekin konpromisoa” ordezkatzen ditu Eusko Alderdi Jeltzaleak, Eneko Goiaren ustez, eta horregatik “zentralitate posizioa du Donostian”. Donostiako Alkatetzan duela lau urte lortutako lidergoa berresteko, hautagaiak ohartarazi du, halere, “arriskua dagoela legealdi honetan aurrera egindako bidean atzera egiteko”. Horregatik, alderdikideei “gogor jarduteko” eskatu die, duela lau urte hasitako bidea bermatzeko.
Urkullu lehendakariak euskal politikangintzaren “mikroklimak” dituen balioen inguruko hitzak bere egin ostean, Goiak adierazi du “eztabaida hutsaletan sartzen saiatuko direla batzuk, hiri honenak ez diren eztabaidetan. Ikusiko dugu nola elkar elikatzen duten muturreko posizioek”.
Horregatik, Goiaren ustez, behar beharrezkoa izango da “kalea zapaltzea, auzoetara joatea, lau urteotan egin dugun moduan, eta gure bizilagunek zer dioten bertatik bertara entzutea”.
Eneko Goiaren ustez, legealdi honetan, hiriak aurreko lau urtekoan bizitako “paralisia eta ika-mika gainditu ditu”. Neurgailu sozioekonomikoen zein herritar askoren ustearen arabera, Donostiak aurrera egin duela, eta abiadura egokia hartu duela adierazi du alkateak: “Gure hiriak aurrera egin du donostiarren indarrari eta kemenari esker, egunero egiten duten lanari esker. Guztion artean ari gara hiri hobeago bat eraikitzen, aukerak eskaintzen dituen hiri bat sortzen, etorkizuna daukan hiri bat egiten”, esan du.