147 danborrada eta 18.000 pertsona baino gehiago
Lau izango dira danborrada berriak: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada SJC, Englishtarrak elkartea eta Matiazaleak.
San Sebastian eguna hurbiltzen ari da, eta gaur, helduen danborradak aurkeztu dituzte Donostiako Udaletxean. Han izan dira Eneko Goia alkatea, Alfonso Gurpegi Festetako zinegotzia, eta bi danbor nagusiak: Jose Ramon Mendizabal (Gaztelubide) eta Aitor Oiarzabal (Union Artesana).
Aurten 147 danborradek hartuko dute hiria, eta lau izango dira danborrada berriak: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada SJC, Englishtarrak elkartea eta Matiazaleak. Lau berriekin San Sebastian egunean 137 danborrada misto, emakumezkoen 1 eta gizonezkoen 9 aterako dira hiriko kaleetara.
Partaideak, berriz, 18.399 izango dira; iaz baino 577 gehiago. Horietatik emakumeak 7.681 dira, aurreko urtean baino %1 gehiago, eta 10.718 gizonezkoak.
Berdintasunezko festa izateko bidean, datu esanguratsu batzuk nabarmendu ditu Alfonso Gurpegi Festetako zinegotziak. Hain zuzen, 35 emakume dira dagoeneko Danbor Nagusi zuzendari lanetan ari direnak. “Iazko kopuruaren bikoitza baino gehiago da”, esan du Gurpegik. Orokorrean, %23,80 dira zuzendari lanetan ari diren emakumeak. Gainera, danborra joz parte hartzen duten emakumeak %26,4ra iritsi dira (1.265 emakume 4.776 danbor jotzaileren artetik).
Auzoei dagokienez, danborraden banaketa ondorengoa da: Erdialdea (31), Gros (24), Parte Zaharra (23), Antigua (23), Altza-Intxaurrondo (20), Amara, Loiolako Erribera eta Morlans (17) eta Egia, Loiola eta Martutene (9).