Donostia Defendatuz koordinakundea sortu dute
Donostiako Udalaren hirigintza politikaren kontrako salaketa bateratzen duen koordinakundea sortu dute: Donostia Defendatuz. Hainbat herri mugimendu eta elkartek jarri dute abian, "hirigintza garbi, parte hartzaile eta jasangarri baten alde" egiteko.
Donostiako Udalaren hirigintza politikaren kontrako salaketa bateratzen duen koordinakundea sortu dute: Donostia Defendatuz. Hainbat herri mugimendu eta elkartek jarri dute abian, “hirigintza garbi, parte hartzaile eta jasangarri baten alde” egiteko.
Dendartean, Ondare SS, Satorralaia bizilagunen mugimendua, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde elkartea dira koordinakundea osatzen dutenak. “Udalaren kudeaketa txarraren kontra diharduten mugimendu guztiak biltzeko eta borroka lokal txikiei ahotsa emateko asmoz sortu dugu”, adierazi dute aurkezpenean.
Hirigintza alorrean “jarduera polemikoak pilatzen ari direla ikusita” erabaki dute elkartzea. Ondorengoan azpimarratu dituzte: “Topoaren igarobidea, Donostiaren ingurua merkataritza saltoki handi gehiago eraikitzeko proiektuak, lurraren suntsiketa eta artifizializazioa, hiriko zuhaitzen gehiegizko mozketa, Uliako mintegien parkea urbanizatzeko proiektua, ezaugarri eta balio berezia duten eraikinak etengabe babesik gabe utzi eta eraistea, edota hotel berriak mugarik gabe hedatzea”.
Aipaturiko jarduerak hiriaren arazoen ondorio direla esan dute. “Interes ekonomiko handiei, promotoreei eta merkataritzako kate handiei sistematikoki mesede egiten dieten udalaren politiken ondorio dira. Bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari dira”.
Koordinakudearen lehendabiziko jarduera hilaren 28an egingo dute Koldo Mitxelenan. Zer ari da gertatzen Donostian? Botereak eta hirigintza politikak, agerian mahai-ingurua egingo dute.