Ubikeko bitartekariek lan gatazka Sedenarekin konpondu behar dutela dio Tabakalerako kontseiluak
Gaur zabaldu duten oharrean adierazi dute Tabakalerak hasieratik harturiko jarrera berresten dutela. Hau da, Ubikeko bitartekariek Sedena enpresarekin konpondu behar dutela bien arteko lan gatazka.
Tabakalerako Administrazio Kontseiluak bilera egin zuen atzo, eta besteak beste, Ubik liburutegiko langileen egoeraz hitz egin zuten. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute kontseilua. Gaur zabaldu duten oharrean adierazi dute Tabakalerak hasieratik harturiko jarrera berresten dutela. Hau da, Ubikeko bitartekariek Sedena enpresarekin konpondu behar dutela bien arteko lan gatazka.
Atzoko bileran Ubikeko langileen aferari loturiko dokumentazioa eta informazioa partekatu eta aztertu zuen kontseiluak. Arazoa langileen eta enpresaren artean kokatu duten arren, Tabakalerak “zabalik mantenduko ditu” komunikazio kanalak bi aldeekin, eta bere horretan mantentzen du langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat errazteko borondatea. “Hitzarmena enpresarekin hitzartu beharko lukete”.
Bilera ostean kontseiluko kideek ez zuten bitartekariekin hitz egin nahi izan. Jarrera hori salatu eta egoera konpontzeko neurri zehatzik adostu ez zutela salatu zuten. Bitartekariek oharra plazaratuko dute arratsaldean. Bitartean, greba mugagabearekin jarraitzen dute.
6 milioi euroko aurrekontua
Datozen urteei begirako Plan Estrategikoari onarpena eman zion atzo Tabakalerako Administrazio Kontseiluak. Horrekin batera, 2019an 6 milioi euro pasako aurrekontua izango du Tabakalerak. Kontseilua osatzen duten hiru erakundeetako bakoitzak 1.630.000 euro jarriko ditu. Horri Tabakaleraren diru sarrera propioetatik etorritako 1.206.475 euro gehitu behar zaizkio.
Bestalde, kontseiluak onartu zuen kultur zuzendari postua beteko duen pertsonari eskatuko zaion profil profesionala. Postua hutsik geratuko da Ane Rodriguez egungo zuzendariak bere kargua uzterakoak. Kultur zuzendaritzaren egiteko nagusia izango da Plan Estrategikoan definituriko proiektua zehaztu eta gauzatuko duenak. Hautaketa prozesua datozen asteetan jarriko dute abian, eta udaberrian bukatzea aurreikusten dute.