Ubikeko bitartekariek salatu dute Tabakalerako kontseiluak ez duela neurririk hartu gatazka konpontzeko
"Jarrera hau, arduragabekeria hutsa dela iruditzen zaigu, eta Tabakalerak gatazka egoera honi bukaera emateko duen borondatea kolokan jartzen duela uste dugu", adierazi dute ohar baten bidez.
Ubik liburutegiko bitartekariek 26 egun daramatzate greban. Egun horietan guztietan ez dute bilerarik izan Sedena enpresarekin eta Tabakalerarekin. Atzo, Tabakalerako Administrazio Kontseiluak bilera egin zuen, eta bitartekarien egoeraz hitz egin zuten. Ordea, 13 langileen egoera prekarioa hobetzeko neurririk hartu ez zutela salatu dute bitartekariek. “Jarrera hau, arduragabekeria hutsa dela iruditzen zaigu, eta Tabakalerak gatazka egoera honi bukaera emateko duen borondatea kolokan jartzen duela uste dugu”, adierazi dute ohar baten bidez.
Azken egunetan, ELA sindikatuarekin batera, kontseiluko kideekin elkartzeko aukera izan dute bitartekariak. Besteak beste, Eneko Goia, Denis Itxaso eta Jaime Otamendirekin. Bilera horietan, kontseilariek Ubikeko langileen baldintzak txarrak zirela onartu zieten, eta hobekuntzak eman behar zirela. Bitartekariek gogorarazi zieten kontseiluaren bilera aproposa zela hobekuntza horietaz hitz egiteko.
Tabakalerako kontseiluak ohar baten bidez jakinarazi du Ubikeko lan gatazka bitartekarien eta Sedena enpresaren artean konpondu beharrekoa dela. Alegia, Tabakaleraren jarrera berretsi dute kontseilariek. “Negoziaketan dauden blokeo egoera ikusirik, Tabakalerak, arduraz jokatu, eta negoziaketan modu aktibo batean parte hartu beharko lukeela iruditzen zaigu, langileen eta enpresaren arteko akordioa bideratuz”, adierazi dute bitartekariek.