Udaletxean teleskopioak jarriko dituzte ilargi eklipsea ikusteko
Ilargi eklipse osoa izango da urtarrilaren 21eko egunsentian. Eklipsea behatu ahal izateko, Aranzadi Zientzia Elkarteak teleskopioak jarriko ditu udaletxeko terrazan, interesa duen edonoren eskura. Teleskopioak goizeko seietatik zortziak arte jarriko dituzte, euri asko egiten ez badu. Gainera, astronomoak bertan egongo dira azalpenak ematen.
Gertatuko den fenomenoa ezaguna da ilargi gorria edo odol ilargia izenarekin; ilargia eta eguzkiaren artean Lurra kokatzen denean gertatzen da. Ezaugarri horiek betetzen dituen beste eklipserik ez da egongo 2021 urtera arte.
Eklipsea ikusgai egongo da 4:34etik 7:51era; eta, Donostian, zehazki, ikusteko aukera egongo da 4:34 eta 7:51 bitartean; ilargia Lurraren itzalean ezkutatzen denean, alegia. Eklipsea bere osotasunean 5:41ean hasiko da eta ezkutaketa osoa, zehazki, 6:12ean gertatuko da, NASAk bidali duen informazioaren arabera.
Eklipse honen bitartez ilargia kolore gorriz ikusi ahal izango da, ez baita guztiz estaliko. Eguzki izpiak ez dira zuzenean ilargira iritsiko, horietako batzuk lurreko atmosferak filtratuko baititu.