"Egun berezia da. Garai batean parranda onak egiten nituen"
Sei donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk San Sebastian egunari begira. Zer da zuretzako eta nola bizi duzu?
“Egun berezia da. Garai batean parranda onak egiten nituen. Gaur egun lasaiago bizi dut festa, kanpotik, builak ez nau gehiegi erakartzen. Egia esan, ez naiz batere folklorikoa, baina urtarrilaren 20a gorriz markatua izaten dut egutegian. Ez naiz sekula atera danborrada batean. Alferregia naiz entseguetara joateko. Beti pentsatu izan dut danborradara entseatu gabe jo behar dela, bihotzarekin, nahiz biribila ez atera. Badira zortzi urte Lezon bizi naizela, eta San Sebastian eguna lan eguna da hemen. Afari berezia egiten dugu bezperan, martxa ere jartzen dugu, eskuekin edo makilatxo batzuekin jotzen dugu danborrada. Nire seme-alabek gustura jotzen dute, baina lezoarrak sentitzen dira”.