"Gaur egun ez dut danborradan parte hartzen, baina giroarekin gozatzen dut"
Sei donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk San Sebastian egunari begira. Zer da zuretzako eta nola bizi duzu?
“Oso egun berezia da, zalantzarik gabe. Marianistak ikastetxean egin nituen ikasketak eta oso gaztetatik haur danborradan atera nintzen. Egia esan, ikaragarria zen hori niretzako. Gaur egun ez dut danborradan parte hartzen, baina asko gustatzen zait San Sebastian eguneko giroaz gozatzea. Bezperan familiarekin edo senideekin afaldu ohi dut, normalean. Horrela ospatzea gustatzen zait. Nolanahi ere, aitortu behar dut ez dudala oso gustuko jendetzaren artean ibiltzea, eta horregatik ez naiz San Sebastian egunean danborrada jendetsuen inguruan ibiltzen”.