"Banderaren jaitsierara joateko asmoa dut taldekoekin"
Sei donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk San Sebastian egunari begira. Zer da zuretzako eta nola bizi duzu?
“Urte hauetan ez dut San Sebastian eguna bizitzeko aukerarik izan, tamalez. Azken lau urtean Madrilen ibili naiz ikasketekin eta eskubaloian jolasten. Halere, askotan parte hartu izan dut danborradan. Txikia nintzela 8 eta 9 urterekin Euskal Billeran atera nintzen kantinera gisa. Haur danborradan ere atera nintzen hainbat urtetan Larramendi ikastolarekin. Gerora, Txirritako Realaren Peña danborradan parte hartu izan dut. Aurten ere ezin izango dut danborradaz gozatu. EHF kopako partida dugu Danimarkan. Dena dela, hilaren 20an arratsaldez iritsiko gara Donostiara eta banderaren jaitsierara joateko asmoa dut taldekoekin. Batez ere, atzerriko jokalariei festa zer den erakusteko”.