"Niretzako Urte Zahar gauekoa baino zirraragarriagoa da bandera igoeraren momentua"
Sei donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk San Sebastian egunari begira. Zer da zuretzako eta nola bizi duzu?
“Parte Zaharrekoak gara, Narrika kalekoak. Joxemaritarrak eta bestelakoak ondo ezagutzen ditugu. Txikitatik gogoratzen dut San Sebastian eguna gauza garrantzitsu gisara. Gauez gurasoekin ateratzen ginen gau bakarra zen. Beraientzako garrantzitsua zen eta horrela transmititu ziguten. Ni ez naiz sekula atera danborrada batean. Txikitan oraindik Santo Tomas lizeoak ez zuen danborradarik. Ordea, nire anaiak atera ziren. Gerora ez naiz sekula atera. Kalean ibiltzea gustatzen zait, jendartean. Niretzako Urte Zahar gauekoa baino zirraragarriagoa da bandera igoeraren momentua. Donostian banago ospatzen saiatzen naiz. Narrikako gurasoen etxean afaria egiten dugu”.