"San Sebastian egunaren helburua ondo pasatzea dela uste dut"
Sei donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk San Sebastian egunari begira. Zer da zuretzako eta nola bizi duzu?
“San Sebastian eguna da lagunekin elkartzeko aitzakia bat. Jai giroa dago leku guztietan, eta danborradek giro polita sortzen dute. Nik egiten dudana da hori, lagunekin gozatu. Afaltzera joaten gara eta gero danborradak ikustera. Ni ez naiz danborradetan atera, sortzez Trintxerpekoa naizelako, eta ez dudalako horretarako aukerarik izan. Baina Donostiako festa bizitzea gustatzen zait. Beti ospatu izan dudan jaia da; txikia nintzenean Karmengo Ama eskolan ateratzen ginen Trintxerpen zehar buelta bat emateko. Oso dibertigarria zen. San Sebastian egunaren helburua ondo pasatzea dela uste dut, elkarrekin gozatzeko 24 ordu”.