Hiriari egiten dioten ekarpen garrantzitsuarengatik saritu dituzte
Esker onez hartu dute oroigarria bost sarituek; Ancora, Elizaran, Eragin, Hazi eta Ikasi eta Gaztetxo.
Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu Donostiako Udalak, gaur arratsaldean. Ohiko ekitaldi berezia jendez beteriko udal batzar aretoan egin dute. Bost elkarte saritu dituzte aurten: Ancora ondasunaren babeserako elkartea, Elizaran ikastetxea, Eragin kultur elkartea, Hazi eta Ikasi hezkuntza elkartea eta Gaztetxo antzerki eskola. Bostek esker onez jaso dute oroigarria, bakoitzak era batera. Tartean, bertsoak eta musikal bat.
Eneko Goia alkateak hartu du lehenik hitza bostek hiriari egiten dioten ekarpena azpimarratzeko. “Urte asko daramazue hiri hobeago bat egiten”, nabarmendu du. “Hiri bat ez da soilik paisaia; hiri baten muina eta sustraia herritarrak dira. Hiri bizia, solidarioa, aktiboa eta parte hartzailea dugu. Hori, besteak beste, zuei esker da”.
Oroigarriak jaso duten bost eragileen txanda etorri da jarraian. “Donostiarrek egiten dugun lana gustuko dute eta babesa adierazi digute”, azaldu du Alberto Fernandez-D’Arlas Ancorako kideak. Aldiz, ondorengoa azpimarratu du Jose Luis Vicente Elizaran ikastetxeko zuzendariak: “Bigarren mendeurrenari behar bezalako hasiera ematen diogu sari honekin”. Bere ondotik, Xabier Ariznabarreta irakasleak bi bertso kantatu ditu.
Eragin elkarte sarituaren izenean Marilen San Sebastianek hitz egin du: “Ohore bat da guretzako. Emakumeek jarduera batzuk eskaintzeko sortu ginen, eta egun berdintasunaren alde eginez, emakume eta gizonentzako lan egiten dugu”. Duela hamar urte sorturiko Hazi eta Ikasi hezkuntza elkarteko bi ordezkariek ere irribarre batekin jaso dute saria. “Baliabide gutxi eta hezkuntza duin bat izateko arazoak dituzten familiei laguntzen diegu, baina erakunde publikoen laguntza gehiago behar dugu; eta batez ere, boluntario gehiago”, esan du Mamen Alonso kideak.
Azkenik, Gaztetxo antzerki eskolako Jose Amaia zuzendariak hartu du hitza. Baina aurretik antzerki eskolako kideek udal batzar aretoa musikal baten agertoki bihurtu dute. Bat baino gehiago ezustea harrapatu dute. “Antzerkiak beste mundu batera garamatza, pertsona hobeak izaten laguntzen digu. Antzerki musikala hezteko tresna gisara ulertzen dugu”, azpimarratu du.