Haize bolada bortitzei aurre egiteko protokoloa diseinatu dute
Donostiako Udalak Haizeak protokoloa diseinatu eta aurkeztu du. Haize bolada bortitzen aurrean erantzun koordinatu eta eraginkorra ematea du helburu. Orduko 100 kilometrotik gora jarriko da abian.
Hiriak urtean 25 egunetan jasaten ditu batez beste haizeteen ondorioak, 2015-2017 arteko datuen atabera. Aipaturiko haizeteetatik 23tan abisu horiak izan dira, bitan, laranjak. Abisuak ia urte osoan izaten dira, baina neguko hiru hilabeteetan biltzen da kopururik handiena. Alegia, abenduan, urtarrilean eta otsailean. Hilabete horietan zehar, haizeagatiko abisuek ipar-mendebaldeko norabidea izan dute eta denboralez, euriz eta ekaitzez lagunduta etorri dira.
“Orain arte hartzen ziren neurriak eraginkorrak baziren ere, protokolo hau beharrezkoa zen udal zerbitzu guztiak modu koordinatuan eta eraginkorragoan aritzeko”, azaldu du Martin Ibabek, Herri Babeseko zinegotziak. Hori lortzeko, Babes Zibileko bost oinarrizko irizpide aplikatu dira: “aurrea hartzea, prebenitzea, antolatzea, berehalako erantzuna eta esku-hartzea, eta leheneratzea eta ebaluazioa”.
Funtzionamendua
Haizearen abiadurak zehaztuko ditu egoerak eta jarduteko moduak. Orduko 80 kilometroko abiadura bitarte hiria normaltasun egoeran dago. 80 eta 100 kilometrotik arteko haize boladatik aurrera, hiria alerta egoeran egongo litzateke. Orduan, udal barneko eta kanpoko zerbitzu guztiak alertan jarriko dira: Udaltzaingoa, Mugikortasuna, Suhiltzaileak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuak, Prentsa eta Sustapena. “Helburua da hiriko zonalde eta elementu ahulen gaineko zaintza areagotzea”, esan du Ibabek.
Larrialdi egoeran, bi mota aurreikusten dira. Batetik, Euskalmeten iragarpen bat jasotzen denean 100 kilometrotik baino gehiagoko haize bolada egongo dela komunikatzen duena. Bestetik, bat-batekoa, abisurik gabe, orduko 100 kilometrotik gorako bolada maximoak detektatzen direnean.
Babes Zibilak egoeraren analisia, ebaluazioa eta sailkapena egingo du. Hori egin ondoren, Larrialdi Egoeran aurreikusitako ekimen guztiak martxan jarriko dira eta Haizeak protokoloa martxan jarriko da: parkeak partzialki edo guztiz itxiko dira, eremu arriskutsuen zaintza areagotu, eta segidako elementuak zaindu: edukiontziak, obrak, garabiak, aldamioak, teilatu hegalak, markesinak, kartelak, hesiak, terrazak, eta abar. Bestalde, herritarrak jakinaren gainean egongo dira webgune, Alerta Zerbitzu eta sare sozialen bidez.