Altzako udal gimnasio berria astelehenetik aurrera erabili ahal izango da
![Altza_gimnasioa](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2019/01/altza_gimnasioa.jpg)
Datorren astelehenean, hilak 28, Altzako udal gimnasio berria irekiko dute. Eraikuntza institutu zaharrean egokitu dute ia 1.000 metro koadro inguruko kirol gunea. Eneko Goia alkateak eta Martin Ibabe Kirol zinegotziak udal gimnasioa bisitatu dute gaur goizean. Langileak azken ukituak ematen ari dira astelehenetik aurrera erabilgarri izateko.
“Kiroldegi berria egin bitartean auzotarrentzako behin behineko kirol gunea izango da. Hilabete atzeratu gara eragozpen batzuk tarteko, baina astelehenean irekiko dugu”, azaldu du Goiak. Era berean, azpimarratu du egokitu duten kirol instalazioa behin behinekoa dela, eta helburua kiroldegi berria egitea dela. Udal gimnasioa egiteko 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du.
Gune aerobiko bat izango du bizikleta, eliptika, korrika egiteko zinta eta abarrekin. Bestetik, indargune bat jarri dute gihar multzo guztiak lantzeko makinekin. Entrenamendu funtzionalerako gune bat, pisu libreko leku bat eta luzaketak egiteko beste gune bat. Entrenatzaile pertsonala izango du gimnasioak. Makinen erabilerari buruzko aholkularitza egingo du, eta baita ere bazkideei oinarrizko entrenamendu planak egin. Ikastaro eskaintzak, berriz, otsailaren 4tik aurrera jarriko dira abian.
Kirol txartela
Gimnasioa kirol txartela duten erabiltzaile guztiek erabili ahal izango dute. Bazkide ez diren altzatarrek kirol txartela atera ahal izango dute sarrera kuotarik ordaindu gabe. Horrekin batera, hilaren 28tik otsailaren 4era bitarte ate irekin jardunaldiak egingo dituzte. Egun horietan edozeinek erabili ahal izango du gimnasioa, eta antolaturiko ikastaroetan doan parte hartu.
Kirol gunearen kanpoaldean aparkaleku zabala egongo da erabiltzaileentzat. “Auzotarrek ere erabili ahal izango dute, auzoan aparkatzeko zailtasunak daudelako”, azpimarratu du Goiak.
Ordutegiari dagokionez, igerilekua ez duten instalazioen antzekoa izango da. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara, larunbatetan 8:30etik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 9:00etatik 14:00etara.
Kutxa fundazioa
Iazko martxoan udalak eta Kutxa fundazioak hitzarmena sinatu zuten Eraikuntza institutua udal gimnasio bihurtzeko. Kutxa da eraikinaren jabea, eta udalari doan utzi dio. Ez da bi aldeen arteko akordio bakarra. Iazko uztailean ere Egiako Aldakonea eremua birsortzeko proiektua adostu zuen udalak Kutxarekin.