Jon Santacanak ezin izan du bukatu Munduko Txapelketako eslalom proba
Bukatu da Jon Santacanaren parte hartzea Kranjska Gorako eski alpinoko Munduko Txapelketan. Donostiarrak ezin izan du bukatu eslalom proba. Lehen txandan oso gertu zuen Miguel Galindo bere gida, eta talka egingo zuela pentsatuta, urrundu behar izan du. Egoera gainditu du baina aldi berean kokapena galdu du, eta hurrengo bihurguneetako batean, ibilbidetik irten da.
Espero baino lehenago bukatu du Santacanak eslalomeko parte hartzea. Esloveniara joan aurretik adierazi zuen bere azken Munduko txapelketa izan zitekeela, baina azken emaitza ikusita, baliteke iritziz aldatzea. Orain Galindori ebakuntza egingo diote, eta gero hartuko dituzte euren etorkizunari buruzko erabakiak.
Bosgarren, eslalom erraldoian
Astelehenean eslalom erraldoiaren proban parte hartu zuen bikoteak, eta bosgarren postuan bukatu zuten. Lehen txandan 1:05.14 denbora egin zuten, eta bigarrenean 1:08.13. Azkenik, 2:13.27 denbora metatuarekin bukatu zuten, irabazleengandik 44 segundora.