Etxe kaleratzeen aurrean neurriak hartzeko konpromisoa berretsi du udalak
EH Bilduren udal taldeak Kaleratzeak Stop plataformaren salaketa bat eraman du urtarrileko udalbatzarrera. Iazko abenduaren 14an salatu zuten hiriko familia bat kaleratua izango zela Zorroaga Fundazioaren alokairuzko etxebizitza batetik. Horrela, plataformak bi eskaera aurkeztu zituen Etxegintzan, irailean eta azaroan, eta hilaren 7rako erantzunik jaso ez zutela adierazi zuten.
“Mozioa aurkeztu dugun aste berean, Zorroaga Fundazioan dauden udal taldeek protokolo bat adostu dute salaturiko kasuari erantzuteko”, adierazi du Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak. Erantzuna behar baino beranduago iritsi dela gaineratu du, eta udal gobernuari konpromiso gehiago eskatu dio horrelako arazoak sortzen direnerako.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek mozioaren alde egin dute, horrelako gertaeren aurrean udalak duen konpromisoa berretsita. Horrela, udalbatzak aho batez bi puntu onartu ditu. Batetik, hiriko familia edo norbanako bat etxetik kaleratua izan behar dela jakitean haren egoera aztertzea, kalegorrian geratu ez dadin, behin behineko etxebizitza aukera bat emanez. Bestetik, udal gobernuak parte hartzen duen fundazio eta sozietateetan etxe kaleratzeen aurrean jarduteko protokolo baten garapena bultzatzea, kasu hauen aurrean izan beharreko ikuspegi soziala txertatuz, eta aukera berdintasuna bermatuz.
Udal talde hainbatek aipatu dute egungo etxe kaleratzeen fenomenoak izan duen eboluzioa. Izan ere, hipoteka ordaindu ezin zutenen egoeratik alokairua bera ordaindu ezin dutenen kasuetara pasa da. Horrela, alokairuen prezio igoera nabarmena eman denez, neurriak hartzeko asmoa agertu dute alderdi guztiek.