Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudi berria onartu du udalbatzak
Udal gobernuaren proposamena aurrera atera da, oposizioko udal taldeen zuzenketa batzuk tarteko. Batez ere, zerbitzuaren kalitatea bermatzea eskatu dute.
Urteko lehen udalbatzarra egiten ari dira udaletxean, eta goizeko saioan Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudi berria onartu du udalbatzak. Udal gobernuaren proposamena aurrera atera da, oposizioko udal taldeen zuzenketa batzuk tarteko. Batez ere, zerbitzuaren kalitatea bermatzea eskatu dute.
Aitziber San Roman zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, indarrean zegoen araudia berritu ordez berri bat idaztea erabaki dute. “2015etik hona onartu diren bi legek izan duten eragina dela eta, zerbitzua berriz idatzi dugu prestazioak eta obligazioak arautuz”. Donostiako 1.200 etxebizitzetan eskaintzen dute laguntza zerbitzua, eta hori bermatzeaz gain, hobetzea du helburu. Alderdi guztiek bat egin dute proposamenarekin, eta aurkezturiko hainbat zuzenketa barneratu dira. Era berean, Gizarte Zerbitzuetako teknikariek eragileekin elkarlana sustatu dute erabiltzaileen eta langileen beharrak ere aintzat hartzeko.
Iaz protesta ugari egin zituzten Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek, udaletxearen aurrean. Azpi-kontrataturiko enpresaren baldintza kaskarrak salatu zituzten, eta enpresa horrek kontratua berritzeari uko egin ondoren, eta langileen eskaerei erantzunez, udalak araudi berri bat idaztea erabaki du.