Ehun urte izango lituzke
Txikitatik maite izan zuen margotzea Mentxu Gal Orendainek (Irun, 1919), eta ibilbide oparoa izan zuen, Madrilen eta Parisen ikasi ostean. Omenaldi gisa, bere izena daraman parke bat dago Donostian, Amaran, hain zuzen.
Bizirik balego, hilabete honetan ehun urte beteko lituzke Mentxu Gal Orendain margolari ospetsuak (Irun, 1919ko urtarrilaren 7a – 2008ko martxoaren 12a). Mentxu Gal fundazioak artistaren biografia jaso zuen 2013an bideo batean, eta han jasotakoaren arabera, txikitatik maite izan zuen pintatzea Galek. Izaera errebeldekoa zenez, ikastetxeko mojak hartu zituen lehen modelotzat, eta 7 urterekin hasi zen margolaritza ezagutzen Gaspar Montes Iturrioz irakaslearekin. Ondoren, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako eskolan egin zituen margolaritza ikasketak, eta 1933an Parisera joan zen ikasketekin jarraitzeko. Han ezagutu zituen bere pinturak etorkizunean izango zituen korronte nagusiak: fauvismoa eta espresionismoa. Bidasoko nahiz Gaztela-Mantxako paisaiak eta erretratuak daude bere lanik ezagun eta estimatuen artean, eta orotara, 2.000 olio eta akuarela baino gehiago margotu zituen.
Bi erakusketa antologiko egin zituen Donostian, 1986an eta 1992an, eta gaur egun, hainbat lekutan daude ikusgai bere margolanetako batzuk: Irungo Mentxu Gal aretoan, San Telmo Museoan, Kutxaren bilduman, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta Madrilgo Sofia Erregina Museoan, besteak beste.
Parke bat Donostian
Irunen jaio zen arren, bere izenean parke bat du Donostian, Amarako Easo kalea eta Antso Jakitunaren hiribidea lotzen dituen eremuan, hain zuzen. Mendeurrenaren parkearen zati izatetik, izen propioa izatera pasa zen Amara bitan zatitzen duen lorategia. 2015eko martxoko udalbatzarrean adostu zuten Mentxu Gal margolariaren omenez, haren izena jartzea. Margolariaren izena duen parkearen erdian eztabaida sortu duen komunak daude, eta argi ez badago ere, Ancora elkartekoen ustez 1945-50 urte bitartean eraiki zituzten.
Erabilgarri egon ziren denbora ere ez dago argitzerik, baina jakina da duela 30 urte pasa itxi zituela udalak, eta ordutik ez dute inolako erabilerarik izan. 2011ko abenduan Amarako Gazteak izeneko taldeak komunak okupatu eta txukundu zituen auzotarren eskura jartzeko. Ordea, udalak berriz ere ixtea erabaki zuen.
Halaber, 2017ko urtarrilean, kafetegi bihurtzeko proiektua onartu zuen Donostiako Udalak baina bertan behera geratu zen 2018ko martxoan. Eguzki talde ekologistak eskatu izan du erabilera pribatuko jarduerarik ez jartzeko komunen lekuan, baita parkea biziberritzeko eta bertako zuhaitzak errespetatzeko ere. Ikusteko dago zein izango den Mentxu Gal parkeko eraikinaren etorkizuna.