'Gerra hemen hasten da' dokumentala eskainiko dute Koldo Mitxelenan
Bihar asteartea, hilak 29, Gerra hemen hasten da dokumentala estreinatuko dute Koldo Mitxelena Kulturunean (19:00). Armen ekoizpena eta bidalketa aztertzen ditu lanak, elkarrizketak eginez historialari, aditu, armagintzako langile ohi eta ekintzaileei, eta Yemenen bertan grabatutako irudi eta testigantzak jasotzen ditu.
Centre Delas, Ongi etorri Errefuxiatuak eta Bake-Ekintza Antimilitaristak antolatu dute emanaldia. Gipuzkoako estreinaldia izango da, eta egileek parte hartuko dute: Joseba Sanz zuzendaria eta Luis Arbide (Ongi Etorri Errefuxiatuak). Dokumentala era herrikoian finantzatu dute.
Lanaren oinarria Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko Portuan Saudi Arabiarako armen kargamentuari uko egitea izan zen. Desobedientzia ekintza hark agerian utzi zuen Euskal Herritik Yemengo gatazkan erabiltzen ziren armak aldizka bidaltzen zirela, hainbat gizarte eragile nolabaiteko alertan jarriz.