Etxebizitzen bizitegi erabilera babesteko hiriaren plan orokorra aldatu nahi du udal gobernuak
Parte Zaharretik abiatuta hiri osoari eragingo dion aldaketa bat aurrera eraman nahi du udal gobernuak. Etxebizitzen bizitegi erabilera babesteko helburuarekin, behin behineko onarpena eman diote Parte Zaharreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari. Otsailaren 21eko udalbatzarrera eramango dute behin betiko onartzeko.
Etxebizitza gisa katalogatuta dauden eraikinak horretarako mugatu nahi ditu udalak. Hau da, plan aldaketarekin ezingo dira hotelak eta ostalaritza establezimenduak jarri eraikin mota horietan. Eneko Goia alkateak esan duenez, turismoaren etengabeko gorakadarekin loturiko erabilera mugatu nahi dute. “Bizitegi izaera duten goiko solairuetako etxebizitzetan ostalaritzako erabilerak ezartzea debekatu nahi dugu”, esan du alkateak.
Aldaketak, ordea, ez dio eragingo Pisu Turistikoen Ordenantzari. Horrela, enpresa batek bizitegi izaera duen eraikin oso bat erosten badu, aukera izango luke pisu turistikoren bat edo beste jartzeko. Hori indarrean dagoen ordenantzak ezartzen dituen eremu eta irizpideen arabera izango da.