Larratxoko igogailua egiteko lanak otsailean hasiko dituzte
Donostiako Udalaren arabera, Larratxok igogailu inklinatua izango du datorren urte hasieran. Larratxo pasealekuaren eta Lauaizeta kalearen artean kokatuko da. Iazko urrian hasierako onarpena eman zion udalak proiektuari. Eneko Goia alkateak adierazi du otsailean aurreikusten duela udalak lanekin hastea.
Larratxo pasealekuan sarbide mekanikoak jartzeko lanen proiektua onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak. Urbycolan S.L enpresak hamaika hilabete izango ditu obrak egiteko, eta adjudikazio prezioa 1,3 milioi eurokoa da.
Igogailuak 94.47 metro egingo ditu, eta 31,91 metroko desnibela izango du. Horrekin batera, Morlansko igogailuaren antzera, kabinan 25 pertsona sartu ahal izango dira, eta segunduko 1,6 metro egingo ditu.
Garraio bertikala
Larratxoko igogailuaren proiektua udalaren Garraio Bertikalaren Plangintzaren barruan dago. Morlansko igogailua izan zen abiapuntua, eta Larratxokoa izango litzateke bigarrena. Aldiz, hirugarren proiektua Antiguako Heriz eta Erregezain kaleen arteko igogailua izango da.