Haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin diete familiei
2019-2020 ikasturterako matrikulazio epea zabalik da, eta Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die. Hasi berri den matrikulazio kanpaina datorren otsailaren 8an bukatuko da, eta Miren Azkaratek, Udal Gobernuko Euskara zinegotziak haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea dela baieztatu du: “Datorren ikasturtera begira seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”.
Udalak jakinarazi du, 2016ko EUSTATen datuetan oinarrituz, orain arteko esperientziak erakutsi dutela D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena. Hain zuzen, 29 urtetik beherako herritar euskaldunak eta ia euskaldunak %89,59 dira. Euskara Zerbitzuak gurasoak ohartarazi nahi izan ditu euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz. Horretarako, gutun bidez mezu hori helarazi die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten 1.332 guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, Irria aldizkariaren ale berezi bat banatu zaie, Ikastetxetik mundura izenburua duena.
D ereduaren hazkunde etengabea Donostian
Donostian seme-alabentzat D eredua aukeratzen duten familien kopurua nabarmen hazi da azken urteetan. Donostiako Udalak emandako datuen arabera, Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Era berean, 3 urteko haurrentzat D eredua eskaintzen duten hezkuntza zentroen kopurua ere hazi egin da azken denboran, eta egun, 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan aurki daiteke eredu hori.