Hiri eredua orekatzea du helburu Reyes Carrerek
EH Bilduren alkategaiak kanpainaren aurkezpena egin du Tabakaleran, eta lan-ildoak aurkeztu ditu.
“Eta zuk, nolako Donostia amesten duzu?”. Galdera horretatik abiatu du hautagaitzaren aurkezpena Reyes Carrere EH Bilduren alkategaiak. Tabakalerako Z aretoan egin du ekitaldia. Pausoak emanez udal hauteskundeetatik aurrera egin nahi duenaren lagin bat aurkeztu du. Carrerek bere helburu nagusia hiri eredua orekatzea izango dela azpimarratu du.
“Irailetik bilera asko egin ditut. Gazteekin, edadetuekin eta alor hainbatetako eragileekin bildu naiz. Guztira, 100 bilera baino gehiago egingo didate. Horietan esan didate Donostia desorekatua dagoela”, adierazi du alkategaiak. Zer nolako hiri eredua nahiko lukeen azaldu nahi die herritarrei, eta horretarako auzoz auzo joango dira. “Zer nolako hiri eredua nahi duten galdetuko diegu. Ondoren, horien guztien ametsak mahai gainean jarri eta proposamen bihurtuko ditugu”.
Trantsizio bat egitea du jomuga. “Hiri desorekatu batetik orekatu batera pasa nahi dugu”. Une honetan, herritarrei entzuteko unea dela nabarmendu du, eta bost herritar bildu dira bere ingurura. Bakoitzak dituzten beharrak eta ametsak azaldu ditu. Hain zuzen ere, bost zutabe hautatu ditu Carrerek kanpainarako, nahiz eta askoz gehiago direla gaineratu.
“Hirigintza alorrean oinezkoen alde egingo dugu. Hiriak herritarrena izan behar du, eta beraien bizi kalitatea izango dugu oinarri. Ekonomiari dagokionez, pertsonak erdian jarriko ditugu. Adin tarte guztiei aukera emango dien ekonomia. Bereziki gazteei eta edadetuei. Ekonomia ez da soilik dirua, baizik eta bizitza eredua. Hiria ezin da hazi desoreketan oinarrituta. Turismoaren hazkundea neurtu behar da, bizi kalitatea bermatuz”.
Aipaturiko bi ardatz horiekin batera, beste hiru azpimarratu ditu. Bera Bera eskubaloi taldeko entrenatzaile ohiak garrantzia berezia eman dio kirolari: “Jarduera fisikoak donostiarren nortasuna sendotzeko balio du. Osasunarekin lotu behar da kirola. Hiri kirolaria dugu, eta goi mailako kirolariak ere. Eragile guztiak barneratu eta sustatu behar dira kirol ereduan. Harrobia sustatu nahi dugu, eta batez ere, emakume kirolariak. Zentzu horretan aitzindariak gara, baina profesionalizatu behar dugu”.
Tabakalera apropos aukeratu du Carrerek hautagaitza aurkezteko. “Tabakalerak zein usain dauka? Espazio hau euskaldundu behar dugu. Tradizioa eta modernitatea bat egiten duen kultura ereduaren alde gaude. Eta auzoetako kultura non dago? Ematen du dena erdialdean dagoela. Auzoen kultur jardueraren alde egingo dugu”.
Etxebizitzaren arazoa ere presente izan du EH Bilduren alkategaiak. “Azken bi urtetan alokairuaren prezioa %34 igo da hirian. Bizi proiektua Donostian garatzea zaila da. Gazte, edadetu zein donostiar askorentzako. Etxebizitza politika berri bat behar dugu, bizitza motak errespetatuko dituena. Arazo integral gisara landuko dugu. Gizarte aldakorra dugu, bizitza eredu aldakorrak bezala. Horri erantzuna emateko etxebizitza politika behar dugu”.
Zahartzaroari ere azpimarra egin dio Carrerek. “Populazioa nabarmen zaharkituko da, eta zahartzaro aktiboa sustatu behar dugu. Zaharrak ez dira arazo, ezagutza aldetik balio handiko aukerak eskaintzen dituzte. Beste belaunaldiekin elkarlanean jarri nahi ditugu”.
Justizia soziala, bizi kalitatea, alokairu soziala, gazte eta edadetuen beharrak asebetetzea. Horiek dira alkategaiaren ametsetako batzuk. “Ametsak egia bihurtzea oso zaila da, baina talde lanarekin lor daitezke. Duela urte batzuk emakume kirolari hainbatek amets bat genuen. Gauzak beste modu batera eginez kirol talde bat atera eta goi mailara eraman genuen. Liga irabazi genuen. Hori nahi dut orain. Alkate izan nahi dut eta ametsak errealitate bihurtu”.