San Telmo Museoak sarreren doakotasuna zabaldu du
San Telmo Museoak sarreren prezio politika aldatu du, eta urtarrilaren 1etik aurrera 25 urtetik beherako pertsonak, gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak eta desgaitasuna duten pertsonak doan sartu ahal izango dira museoan.
Gazteen kasuan, doan sartzeko adin muga igo egin dute, lehen 18 urtetik beherakoek bakarrik baitzeukaten museora doan sartzeko aukera. Orain, beraz, sarreran NAN txartela, pasaportea, eskola txartela edo baliokidea aurkeztuz doan sartu ahal izango dira 25 urtetik beherakoak. Desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, desgaitasun txartela erakutsita sartu daitezke doan museora, eta laguntzailea behar izanez gero, hau ere doan sartu daiteke.
Prezio politikaren helburua gazteei museora joateko aukera erraztea dela azaldu du San Telmo Museoak, inklusioaren alorrean museoa lantzen ari den eskaintza sendotzearekin batera.