Udalak Atotxa Errekako hamasei lursailak saldu ditu
Salmentekin 14,3 milioi euro jasoko ditu udalak, aurreikusitakoa baina 5,3 milioi gehiago. Lursail horietan 115 eta 125 metro karratu bitarteko 94 etxebizitza eraikiko dira, bakoitza bere garaje, trasteleku eta jardinarekin.

30.000 metro karratuko azalera hartzen duten Atotxa Errekako hamasei lursailen salmenta prozesua abiatu zuen udalak uztailean, eta gaur, Eneko Goia alkateak jakinarazi du saldu gabe geratzen zitzaien lursail bakarra esleitu egin dutela. Salmentekin 14,3 milioi euro jasoko ditu udalak, aurreikusitakoa baina 5,3 milioi gehiago. Goiak azaldu duenez, lursail horietan 115 eta 125 metro karratu bitarteko 94 etxebizitza eraikiko dira, bakoitza bere garaje, trasteleku eta jardinarekin.
Hamasei lurzatiengatik 45 eskaintza jaso ditu udalak. Lehenengo hamabost lursailak urtarrilaren 22an esleitu zituen, baina hamaseigarrenari zegokionez, jabekideek hura erosteko lehentasuna zutela azaldu du Goiak, baina eskubide horri uko egin zioten azkenean.