Emakumeen aldeko aldarrikapenak Santa Ageda bezperako kopletan
Santa Ageda bezperako koplak moldatu dituzte Ederlezi abesbatzakoek, eta emakumeen aldeko aldarrikapenak abestian txertatu dituzte.
Santa Ageda bezperako koplak abestuko zituzten atzo Ederlezi Emakumeen Etxeko abesbatzako kideek. 20:00etan abiatu ziren Emakumeen Etxetik, eta Santa Katalina plazatxora joan ziren, Kata 4 tabernaren aurrean abestera. Ondoren, Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetatik zehar ibili ziren makilak astintzen. Bettina Aragonen gidaritzapean, Santa Ageda bezperako koplak moldatu dituzte Ederlezi abesbatzakoek, eta emakumeen aldeko aldarrikapenak abestian txertatu dituzte. Hiru damatxo abesti herrikoia ere abestu zuten, Santa Ageda bezperako kantaldirako propio moldatutako hitzekin. Bideo batean jaso ditugu bi abestiak.
Iaz atera ziren Ederlezi abesbatzako kideak kalera lehen aldiz Santa Ageda bezperako koplak abestera, eta Emakumeen Etxeak urtero egiten duen urteurren festan ere abestu izan dute. Gaur egun abesbatza bilakatu dena, kantu ikastaro gisa hasi zen 2016ko otsailean. Hasieratik parte hartze altua izan du taldeak, eta horren ondorioz, abesbatza sendoa da gaur egun.
Hona hemen Ederlezi Emakumeen Etxeko abesbatzak moldatutako Santa Ageda bezperako koplak:
Zorion kale hontako denoi
kaixo esatera gatoz (bis)
ixkin batetik bestera gabiltza
berri emateko gogoz
Emakumeok garai hauetan
indarrez aberats gatoz
gure Agedak egin bezala
geuk gobernatzeko asmoz
Santa Ageda bezpera degu
emakumeon eguna (bis)
bihotz guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna
Feminismoa gaur hartu degu
gure betiko laguna
honen laguntzat bete gentzake
bizi osoko jarduna
Emakumeen etxekoak gara
eta abestera gatoz (bis)
bihotz bat abots mila hemen gaude
kalea geure egiteko
sendo ta indartsu lurra bezala
eskuz esku pausoz pauso
aurrera emakume guztiak
etorkizuna hemen dago
Elkar goaz kalez kale kantuz
gure eskubideak lortzeko (bis)
ta entzuten ari zaretenak gurekin etorri gogoz
Errealitate desberdin eta
begietan ilusio
beti aurrera emakumeak
bizitza gurekin dago!