Erabilera anitzeko pabiloi bat jarri nahi dute Zorroagan sozialistek
'Multiarena' izena jarri diote proiektuari. Ernesto Gasco alkateordeak eta Denis Itxaso ahaldun nagusiordeak eskaini dituzte xehetasunak.
Zorroagako hegaleko lursail bat aukeratu du PSE-EEk erabilera anitzeko pabiloi bat jartzeko. Multiarena izena jarri diote. Ernesto Gasco alkateordeak eta Denis Itxaso ahaldun nagusiordeak aurkeztu dute proiektua.
“Anoetako kirol eremuko instalazioen mapa osatzera dator”, azpimarratu du Gascok. Legealdi honetan, Anoetako futbol zelaia handitu eta berritu dela gaineratu du, baina beste kirol jarduerei “erantzuna” emateko gune berri bat beharrezkoa dela esan du. “Hala nola, saskibaloiak, eskubaloiak, boleibolak eta gimnasia erritmoak behar bezalako instalazioak izateko garaia da”.
Proposamena aurrera eramateko 30.685. metro koadroko udal lursail bat erabiliko lukete. Zorroagako hegalean dago, ospitaleetara igotzeko aldaparen ezkerrean. 25 metroko altuera izango luke eta oinezkoentzako sarbideak. Lur eremuaren 7.000 metro koadro hartuko lituzke, eta eraikitako bolumen osoa 20.200 metro koadrokoa izango litzateke.
Pabiloia estalia izatea aurreikusten dute, bi elementurekin: kirol kantxa homologatua (5.000 ikusleentzako edukiera) eta entrenamendurako hiru kantxa (3.000 ikuslerentzako harmaila mugikor batekin). Beste osaigai batzuk ere izango lituzke pabiloi berriak: aldagelak, zerbitzuguneak, bulegoak, bilera gelak eta baimendurako ibilgailuentzako aparkalekua.
“Erabilera anitzekoa izanik, kontzertuak eta kultur jarduerak ere egin litezke. Horrela lortuko genuke Donostiak, gaur egun, horrelako ekitaldietarako behar duen espazio bat”, azaldu du Gascok.