Antiguako jaietan gertatutako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute
Antiguako festetan gertatutako hainbat erasoren salaketak jaso ditu Txitxibitxiak Antiguako talde feministak.
Txitxibitxiak Antiguako talde feministak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Antiguako festetan gertatutako hainbat erasoren salaketak jaso dituzte. Azaldu dutenez erasoak askotarikoak izan dira, hala nola, norbere espazioarekiko errespetu eza, inbasioa, baliogabetzea, hitzezko erasoak eta etxera bidean pertsekuzioak. Gainera, talde feministako kideek jaietan zehar gizonek izandako jarrera matxistak kritikatu dituzte, “batez ere emakumeon inbasioa oholtza gainean eta musika iraingarria, gureak diren espazioak ere zapalduz”.
Komunikatuan jazotako erasoak gaitzetsi dituzte, eta aldarrikatu dute ez dituztela horrelako jarrerak onartuko: “Honek agerian uzten du eraso hauek ez direla isolatuak; eraso bakoitzaren ostean beldurra nagusitzea ez dela kasualitatea. Gure jaiak espazio aske eta seguruak izatea nahi dugu. Emakumeok* gure egunerokotasunean pairatzen ditugun jarrera sexista eta matxistek ez dute lekurik gure auzoan, eta ez inon”.
Auzoa jaietan murgilduta egon da auzoa urtarrilaren 11tik 27ra, eta “auzoko emakumeek*” eraso sexista eta matxisten aurkako lanketa berezia egin zuten data hauei begira, besteak beste eraso sexisten aurkako protokolo bat, brigadak, eta salaketa telefono bat. Erasoen aurrean “autodefentsa feministaz” erantzuteko “aldarri ozena” zabaldu dute: “Beldurrik gabe gozatu nahi dugu gauaz, eta honelako gertaeren aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugulako aldarri ozena luzatu nahi dugu gaur. Autodefentsa gu geu, emakumeok gure kabuz, elkartuz, saretuz, borrokatuz egingo dugulako. Honen adibide aurten Antiguoko Emakumeok* sortu dugun Brigada Feminista da. Bagara nor defendatzeko, bagara nor aske izateko eta bagara nor erantzuteko”.
Azkenik, erasoen aurka egin duten lanean lagun egin dietenei eskerrak eman dizkiete, eta gogorarazi dute erasoei erantzuna emateko ardura herritar guztiena dela: “Eskerrak eman nahi dizkiegu hasieratik gure lana babestu duten guztiei, bereziki Antiguoko Jai Batzordeari, Txozna Batzordeari eta auzoko tabernariei, baita inongo momentuan gure salaketak zalantzan jarri ez dituztenei. Bestalde, gogorarazi nahi dugu eraso sexista eta matxisten aurrean erantzutea denen ardura dela.
Jazotako erasoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, otsailaren 7an, 19:30ean Gaskonia plazan. Protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, “halako gertaerak erantzun gabe geratu ez daitezen”.