Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaiko kide izateko izen-ematea ireki dute
17. Giza Eskubideen Zinemaldia egingo dute aurtengo apirilaren 5etik 12ra, eta Gazte Epaimahaia izango da nazioarteko film labur onenaren saria emateko arduraduna.
150 izango dira epaimahaia osatuko duten gazteak, denak 18 eta 30 urte artekoak, eta giza eskubideen sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea hartuko dute aintzat. Epaimahaian parte hartu nahi dutenek Giza Eskubideen Zinemaldiaren webgunean eman beharko dute izena, eta epea martxoaren 20a arte egongo da irekita. Hurrengo egunean, martxoaren 21ean, egingo dute parte-hartzaile guztien arteko zozketa eta irabazleak publiko egingo dituzte.
Donostia Kulturak jakinarazi duenez, aurten ere Gazte Epaimahaian parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko graduko ikasleek ECTS kredituak lortu ahal izango dituzte. Kredituez gain, Victoria Eugenia Antzokiko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. asteko emanaldietarako bi abonamendu izango dituzte gazteek.