Poltsiko Antzerkiaren 28. Jaialdia aurkeztu dute
Otsailaren 7tik 24ra egingo dute Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia aurten, eta formatu txiki eta ertaineko emanaldiak egongo dira ikusgai, bereziki publiko gaztea erakartzeko helburuarekin.
Barietate antzerkia zabaltzea du xede jaialdiak, ohiko jarraitzeleetaz gain, antzerkia ikusteko ohiturarik ez dutenak ere oholtzetara hurbiltzeko. Tabernak bezalako agertoki txikiak izango dira nagusi jaialdian, eta mota askotako ikuskizunak egongo dira, magiatik umorera doazenak. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren 9. deialdiko irabazle eta finalistek jaialdian estreinatuko dituzte obrak, deialdiko irabazle Intujai Teatroren Ama-Alu-Lur (sorgin baten ametsak) lanak eta Txinparta Antzerki Taldearen Zurrunbiloak lan finalistak, alegia. Horietaz gain, Fabiolo Connection eta Sekretu Polita antzezlanak ere jaialdian estreinatuko dira.
Jaialdia irabazten duenak 4.000 euroko saria jasoko du eta finalistak 3.200 eurokoa, bi kasuetan antzezlana garatu eta ekoiztu ahal izateko. Guztira 17 konpainia izango dira jaialdian parte hartuko dutenak, hainbat auzotako 25 espaziotan banatuta. Konpainietako lau emakumezkoek osatutakoak dira, bost mistoak eta zortzi gizonezkoek osatutakoak. Bestalde, guztira 35 izango dira jaialdiko emanaldiak, horietatik 17 gaztelaniaz, beste 17 euskaraz eta bat testurik gabe. Obretako protagonistei dagokienez, 17tan gizonezkoak dira protagonistak, 10etan emakumezkoak eta 8 mistoak dira.
Jaialdi amaierako festa otsailaren 23an izango da, eta Tessa Andonegik, Ainhoa Aierbek, Javi Sanchok, Riki Lopezek eta Al Tran Tran konpainiak hartuko dute parte. Egitarau osoa Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daiteke.