Morlansko igogailua urbanizatzeko lanak berriz atzeratuko dira

Aurreikuspenak bete ezinda dabil Donostiako Udala. Morlans eta Aiete bitarteko igogailu inklinatuak oztopo berri batekin egin du topo. Oraingoan, udalak ezin du igogailuaren azpiko eremuko urbanizazioa aurrera eraman. Izan ere, urbanizatu nahi duten lursailean gazteentzako etxebizitzak egitea dago aurreikusita.
2017. urtearen erdialdean hasi ziren igogailuaren lanekin. Espero baino gehiago luzatu dira, eta dagoeneko udala ez da ausartzen epe bat jartzera. Azkenekoz, azarorako prest egongo zela iragarri zuten. “Mugikortasun sailekoak ez dute data berririk eman, eta ez dute emango egoera ikusita”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Urtea bukatu aurretik abian jartzea dute helburu. Bitartean, bi eremuak lotzen dituen igogailu bertikala abian da.