Artikutza, 100 urte donostiarren esku
Uraren kalitatea bermatzeko erreferentziazko baso babesle bilakatu da Nafarroan erositako lur eremu hau. Udalak egoki zaintzen al du? Orain, Añarbetik edaten dugu. Orduko donostiarrak bezain argiak izango al dira gaurko agintariak urtegi ingurua erosiz eta babestuz?
2019ko urtarrilean bete berri dira 100 urte Donostiako Udalak Artikutza erosi zuenetik eta horren harira zenbait hausnarketa egin nahi genituzke.
Nafarroan dago, eta, hasieran, erresumako jabetza zen, baina, aurrerago, hanbat jabe izan zituen: lehenik, Orreagako Kolegiatari eman zioten, eta, gero, desamortizazioarekin batera, erosle pribatu batzuek hartu zuten, harik eta Donostiako Udalak erosi zuen arte. Erosketa ez zen kapritxo bat izan, kalitatezko ur hornidura bermatzeko egin baitzen.
Hasieran ur-emakida erosi zuen, baina hirian tifusa agertu ondoren, sorburua Artikutzan zegoela konturatu ziren. Hortik ur-harguneen inguruko lurrak erostearena planteatu zen uraren osasun-egoera ziurtatzeko. Udalak finka osoa hesitu zuen azienda nahiz pertsonen sarrera eragozteko. Soilik langileek jarraitu zuten barruan. Enobietako urtegia 1950-1960ko hamarkadan eraiki zen, baina ezin izan zen bukatu arazo teknikoak zirela medio.
Dena den, Donostiako populazioa asko handitzen ari zenez, beherago, Añarbe ibaian urtegi handiagoa egitea erabaki zuten, hura 1976an bukatuz. Ordutik, Añarbetik 300.000 biztanle inguruk edaten dugu hango ura.
Erosi zenean Artikutza soilduta zegoen, zuhaitzak mozten mendez mende igaro eta gero, su-egurretarako, ikatza egiteko, baratzak egiteko edota ganaduarentzako larreak sortzeko. Gutxienez lau burdinola ere baziren eta horien labeak elikatzeko egur mordoa behar zen. Hortaz, zuhaitz-landaketa plan oso garrantzitsua egin zuten landaredia berreskuratzeko, basoak berak ur kalitatea zain zezan.
Igaro den mende honetan baso miresgarria sortu da, baina oraindik zer hobetu badago eta, aipatu bezala, aldaketa gehiago datoz. 2015eko abenduan Nafarroako Gobernuak Artikutza Babes Bereziko Eremua izendatu zuen, Europako Natura 2000 sarearen parte izanik, bere natur habitatak, landaredia eta basafauna Nafarroako dibertsitate biologikoaren adierazle zirelakoan. Aurten, segurtasun arrazoiengatik, urtegia hustu beharko dute. Horrek urak hartutako eremuan habitat desberdin bat ahalbidetuko du.
100 urte hauetan biodibertsitate mailako altxorra bilakatu da Artikutzako basoa, baina egiten den kudeaketaren arabera dituen balioak, esaterako mehatxaturiko landaredia eta basafauna, muturluzea kasu, arriskuan jar liteke.
Donostiako Udalak zer egingo du? Bestalde, Artikutzan eginikoa Añarbeko urtegiaren inguruan egiteko adimen nahikorik izango al du? Eta ausardia?
GURE KEZKAK/KEXAK
Kanpoko espezieak. Zenbait baso kudeatu behar dira, kanpoko espezieak kenduz eta tokikoak landatuz edo garapen naturalari bidea emanez bertako basoa bermatzeko. Udalak zein asmo duen jakin nahiko genuke.
Urtegia. Hasieran libre geratuko den eremuan zenbait espezie landatu behar omen ziren. Orain, berriz, garapen naturalean utzi behar direla esan dute. Azkenean, zer?
Artzaintza. Udala zenbait artzainekin akordio batera iritsi omen da beren aziendak barruan libre ibiltzeko. Goiko larreetan bakarrik ibiltzeko baimena bazen ere, abereak basoan sartzen dira, urtegiraino iritsiz eta birsortze naturala arriskuan jarriz. Askotan inongo identifikaziorik gabeko aleak daude, kontrol sanitariorik gabe, horrek dakarren osasun arriskuarekin.
Isilpeko ehiza. Nafarroan ehiza esparruetan baino ezin da ehizatu eta Artikutza ez da; beraz, debekatuta dago. Baina ondoko herrietatik ehiztariak aritzen dira Artikutzan basurdetan, orkatzetan eta oilagorretan. Zergatik gertatzen da? Bada zaintza eskasa dagoelako, 4 udal basozain besterik ez dagoelako 3.700 hektarea zaintzeko 365 egunean.
Basozainak. Hangoak ez dira agintaritzaren agenteak, beraien ahalmenak murriztuak egonik. Eta hori isilpeko ehiztariek badakite. Basozainak ehizaren kontrolean giza baliabide eskasekin ibiltzen dira, udalaren inongo laguntzarik gabe.
Onddo zaletasuna. Gero eta handiagoa. Udazkenean inbasioa izaten da, basoko bakea, basafaunaren lasaitasuna eta onddoen etorkizuna maiz arriskuan jarriz. Araututa dago, baina ez balego bezala, finka osoan kontrola ezinezkoa baita. Udazkeneko igande batean, adibidez, txanda bakoitzean basozain bakarra dago finka osorako, eta gainera, Eskasetik pasatzen diren bisitarien baimenak kontrolatzeko.
Mendiko txirrindulariak. Orain libre omen dute edozein bidetatik ibiltzea. Horrek «erakartze efektua» eragin du eta talde handiak (40koak zenbatu dira) hurbiltzen dira. Higadura arazoak eta mendizaleekin istiluak sortzen hasi dira. Zenbait turismo enpresek bezeroak eramaten dituzte Artikutzako xendetan txirrindaz ibiltzera. Negozio biribila, musutruk gainera. Hori mauka!