Bidaien gorakada mantentzeko lanean jarraitzen dute
Dbus autobus konpainiarentzako ona izan da iazko urtea. Gero eta herritar gehiagok erabiltzen duten garraio publikoa da, eta erronka berriekin abiatu dute 2019a.
Hazten eta egokitzen ari da Donostiako Tranbia Konpainia. Kalitatezko autobus zerbitzua eskaintzea dute helburu, eta urtetik urtera hobekuntzak egiten dituzte. Horren ondorioa da iaz izandako bidaien gorakada nabarmena. 2000. urtetik izan duten hazkunderik handiena da, eta historiako bigarren kopuru altuena. Behin behineko datuen arabera, Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak 29.168.562 izan dira. Hain zuzen ere, 766.503 bidaia gehiago. Kopuru horiek mantentzea dute helburu.
Donostia eta inguruko garraio publikoaren mapa aldatzen ari da. Azken urteetan, autobus, tren eta topo zerbitzuak hobetu egin dira. Baita egokitu ere. «Garraio publikoa oso lotua dago egoera ekonomikoarekin», dio Igor Gonzalez Dbuseko zuzendariak. 2009ko krisialdiak gogor kolpatu zuen herritarren ekonomia, eta horrela ere, Dbusek hazten jarraitzeko aukera izan zuen. «Bitxia bada ere, bidaien kopurua ez zen jaitsi».
Aldiz, 2013an izan zuen autobus konpainiak krisialdi propioa. «Gipuzkoako garraio publikoaren integrazioa gertatu zen. Guztiok tarifa sistema berbera hartu genuen Mugi eta Lurraldebus txartelaren bitartez. Ondorioz, erabiltzaile askok beste garraio publiko batzuk erabiltzea hobetsi zuten».
Bidaien jaitsiera pixkanaka irauli dute azken urteetan. Azkenik, 2018ko hazkundeak indartu du Dbus. «Gainera, azpimarratu behar da hazkundea autobus linea guztietan eman dela, hirutan izan ezik. Astiñeneko zubiaren eraginez hiru autobus zerbitzu ezin izan ditugu eskaini zazpi hilabetetan». Bestela, bidaien kopurua konpainiaren historiako handiena izango litzatekeela uste du Gonzalezek.
Elektrikoaren alde
Etorkizunetik etorritakoa dirudi Bulebarretik Miramonera doan hemezortzi metroko autobusak. Iazko berrikuntza nagusietakoa izatearekin batera, Dbusek ibilgailu elektrikoen alde egiten duen apustuaren azken emaitza da.
Autobus elektrikoa erabiltzeko ideia 2011n hasi ziren lantzen. «Orduan autobus hibrido bat martxan jarri genuen. 2014an, berriz, Irizarrekin lantzen hasi ginen proiektuaren lehen fruitua jaso genuen: 10 metroko lehen autobus elektrikoa. Gauez kargatzen da eta 200 kilometroko autonomia dauka. 2016an 12 metroko beste bi autobus elektriko jarri genituen martxan».
Metroz metro egin ditu saiakerak, eta distantzia gehiago egin ahal izateko proiektua da 2018an landurikoa. «18 metroko autobusa esperimentu positiboa izan da. Sei hilabetez frogatu dugu teknologia berri batekin. Miramonen kargatzeko geltoki bat jarri genuen, ibilbide osoa egin orduko kargatu ahal izateko». Une honetan bildutako datuak aztertzen ari dira ondorioak ateratzeko.
Mehatxuak eta aukerak
Renfe apirilaren 1ean batuko da Mugi txartelera, eta horrek hiriko garraio publikoan eragina izango du. «Normala den bezala, eskaintza batzuek galdu eta beste batzuek irabazten dute», dio Gonzalezek. Halere, trenaren erabilera aukera gisara ikusten du. «Gainerako garraio publikoen helburua bada Donostia inguruko biztanleria hirira ekartzea, ona da guretzako. Izan ere, behin Donostiara iritsita pertsona horiek hiri barruko beste puntu batera joan behar badute gure bitartez egin ahalko dute».
Topoaren igarobidearekin antzera gertatuko dela uste du Gonzalezek. «Ibilbide batzuetan galerak ekarriko ditu, baina Donostia kanpotik datorrenari kalitatezko zerbitzua eskaintzen badiogu, garraio publikoaren balantzea positiboa izango da. Dena dela, hori udalaren mugikortasun politiken araberakoa izango da».
Datorrena baztertu gabe, Dbusek erronka propioei eutsiko dio. «26, 35, 45 eta 46. lineak hobetuko ditugu, eta Ategorrietako garajea handitzeko lanak bukatu nahi ditugu aurten. 26 autobus berri sartuko lirateke».