dFeria Jaialdiko egitarau osoa aurkeztu dute
Boterea izango da dFeria Jaialdiaren gaia aurten, jaialdiak 25 urte betetzen dituenean, eta ikuskizun aniztasuna izango da nagusi, tartean hainbat estreinaldi.
Martxoaren 11tik 14ra izango da jaialdi ofiziala, baina mende laurdena ospatzeko, aurreko asteburuan (martxoak 9 eta 10) egitarau berezia egongo da. Aurreratu bezala, Sharing Home, Los Cuernos de Don Friolera eta Macbeth izango dira asteburu horretako emanaldiak.
Hiriko hainbat espaziotan banatuko diren 32 konpainien 33 ikuskizun eta 36 emanaldi egongo dira jaialdian, Antzoki Zaharrean, Viktoria Eugenia Antzokian eta Gazteszenan, besteak beste. Bestalde, ikuskizunen %42a dantza ikuskizunak izango dira, %40a antzerki ikuskizunak eta %18a diziplina anitzekoak. Gainera, ikuskizunen %63a estreinaldiak izango dira: hiru mundu mailako estreinaldiak izango dira, bi Europa mailakoak, bi Espainiako Estatukoak eta hamalau Euskal Herri mailakoak.
Urtarrilean aurreratutako egitarauaz gain, Fabiolo Connection, Retropica eta Los Años Rapidos bezalako ikuskizunak egongo dira ikusgai jaialdian. Bestalde, Roman eta Julieta eta Madame Señorita: Question izango dira euskaraz ikusi ahal izango diren antzezlan bakarrak. Egitarau osoa kontsultatzeko, dFeria jaialdiaren webgunearen bitartez egin daiteke.