Zezenketen inguruko galdeketa baten aldeko elkarretaratzea egingo dute
Datorren larunbatean, otsailaren 16an, elkarretaratzera egingo dute Nautikoko terrazan goizeko 11etan Donostia Antitaurina Orain plataformak eta Eguzki Talde Ekologistak deituta.
‘Goia, bete zure hitza! Galdeketa orain!’ lelopean egingo dute elkarretaratzea, izan ere, Eneko Goia alkateak zezenketen inguruko galdeketa egiteko eman zuen hitza ez duela bete salatu dute antolatzaileek. Eguzkik gogoratu du Donostia Antitaurina Orain plataformak galdeketaren aldeko 10.000 sinadura lortu eta aurkeztu zituela, eta Goiak galdeketaren data 2017ko otsailaren 19an ezarri zuela. Espainiako Gobernuak galdeketa debekatu zuen, baina antolatzaileek salatu dutenez, Goiak ez du ordutik bere hitza betetzeko borondaterik erakutsi.